Euskara ikasteko doakotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2022ko mai. 24a, 12:29

Aste honetan egingo den udalaren osoko bilkuran onartuko da euskara ikasteko dirulaguntzen oinarrien moldaketa. Moldaketa hori EH Bilduk lortutako akordioari esker aurrera eramango den aldaketa da.

​Aldaketaren ondorioz, orain arte ez bezala, azkoitiarrek euskara doan ikasteko aukera izango dute maila guztietan, udalaren laguntzari esker. Gure helburua ahalik eta herritar gehien euskalduntzea eta euskara sustatzea izanik, pauso garrantzitsua da lortutakoa. Herritar askok zailtasunak izaten dituzte beraien euskara maila hobetzeko, eta, horrela, bide hori errazteko pausoa emango dugu.

​Doakotasunaz gain, ikastaroa ordaintzeko garaian ere erraztasunak emango dizkiogu kolektibo kaltetuenei matrikularen %80a udalak aurreratuz. ​

Nahiz eta euskara egoera osasuntsuan egon gurean, alarmak pizten dizkiguten adierazleak egon badaude, eta ezin dugu beste alde batera begira gelditu. Horrelako neurrien bitartez lanean jarraituko dugu Azkoitia euskaldun baten alde.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide