Azkarateko hondakin gunea

Azkoitiko EH Bilduk gogorarazi du proposatzen den zabor planta pribatuak Zaldibarko ereduan sakontzen duela

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2020ko api. 10a, 12:06

Azkarateko hondakin plantari buruz Azkoitiko EH Bilduk egin duen idatzia:

Azkoitian zabor planta pribatu bat eraikitzeko baimenaren inguruan bere kezka adierazi du EH Bilduk. Udal gobernuak erakutsitako gardentasun falta salatzeaz gain, ikusi dugu Zaldibarren huts egin duen eredu berberarekin jarraitu nahi dela.

Gainera, Azkoitiko instalazio berrian, helburua hondakinen balorizazioa dela dioten arren, biltegi bat egongo da eta bertan lur kutsatuak gordeko direla aurreikusten da. Ez dezatela hitzekin jendea nahastu; Azkoitian egin nahi dena zabortegi bat da, zabortegi pribatu bat. Gainera, ezin dugu ahaztu herrian bertan izan genuen eta izaten jarraitzen dugun arazoa Oñartxo zabortegiarekin. Gaur egun oraindik urtean 95.000€ ordaintzen ditu Azkoitiko Udalak Oñartxoko zabortegiak isurtzen dituen lixibatuak garbitu ahal izateko. Urteak daramatza udalak lixibatu horien tratamendua ordaintzen eta oraindik beste urte dezente falta dira.

Oñartxo Zabortegia Hierros Eguino S.L. enpresak kudeatzen zuen arren, Azkoitia Lantzen S.L. Azkoitiko Udalaren enpresak) lurren erosketa egin zuen, Oñederrek bertan utzitako altzairu hautsen ingurumen erantzukizunak bere gain hartuz.

Horregatik guztiagatik, Azkoitiko EH Bildu ez dago lasai, eta buru belarri ari da lanean ahalik eta informazio gehien biltzen eta pertsona teknikoekin zein juridikoekin hizketan ari da gaiaz informazio kualifikatua jasotzeko. Herritik harago doazen gaiak direnez, EH Bilduko legebiltzarkideekin zein batzarkideekin zuzeneko kontaktuan gaude gaiari guztion artean ahalik eta erantzun onena aurkitzeko asmoz.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere zentzu berean hitz egin zuen atzo: “Larria eta onartezina da erabaki hori, Zaldibarko ezbeharrak zerbait irakatsi badu, zera izan da: hondakinen kudeaketa eredua ezinbestean aldatu behar da kontrol publikoa, egiazkoa, bermatu ahal izateko. Zaborren kudeaketa esku pribatuetatik publikoetara pasatu behar da, zabortegiak esku pribatuetan uzteak kontrol falta dakarrelako, eta hori oso garesti ordaindu dugu Zaldibarren. Han argi geratu da azpiegitura pribatu horietan kontrol publikoak ez direla nahiko eta Jaurlaritzak berak hala aitortu behar izan du. Beraz, ulertezina da orain Azkoitian akats bera errepikatzea eta larria ere bada oharkabean egiten saiatzea, hain justu, alarma egoeran eta Legebiltzarra deseginda, kontrol parlamentarioa saihesteko”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide