Edozer esatea libre al da ba?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2019ko urr. 4a, 12:59

Koldo Campos herritarrak San Jose egoitzaren inguruan plazaratutako gogoetei erantzun die Azkoitiako EAJk, eta horren harira, honako artikulu hau igorri du Azkoitiko EH Bilduk.

Kezkaz irakurri ditugu EAJren hitzak. Alderdi politiko baten helburua ezin da inoiz izan pertsona baten aurka egitea eta hori da tamalez gaur ikusi duguna. Guztiz lekuz kanpokoa eta larria iruditzen zaigu herritar bati horrelako eraso zuzena egitea berak idatzitako iritzi baten aurka. Eta gure babes osoa azaldu nahi diogu Koldo Camposi.

Koldo Camposen idatziak San Jose Egoitzan bizi duen errealitate gordinaren berri eman digu. Horren aurrean, alderdi politikoen lana behar horiei erantzutea eta bizitza duinak bermatzea da. EAJ-PNVk, ordea, errealitatea aitortu beharrean, isilarazi nahi izan du modu arriskutsu eta desegokian. Egoiliarrak mutu nahi ditu, kritikarako tarterik gabe.

Errealitatea da Koldo Camposek lehenengo eta gogorren salatzen duen gogoeta, hau da, zaharren egoitzan langile eta baliabide gehiago behar direla egoiliarrei kalitatezko zerbitzua bermatu ahal izateko, eta hori ari dira eskatzen, hain zuzen ere, egoitzako langileak.

Dena da kritikagarria eta are gehiago zerbitzua jasotzen duten pertsonen partetik bada. Beraiek ezagutzen eta bizitzen dute zuzenean bertan gertatzen dena eta beraien ahotsa entzutea garrantzitsua da. Gustatu ala ez.

Argi utzi digute ez dutela alternatibarik eta alternatibak egon direnean atzera bota dituztela. Etxebizitza tutelatuak nagusia 80ra jaistea proposatu zuen EH Bilduk eta bertan behera utzi zuten. Eguneko zentroa erdigunera jaisteko proposamena ere egina zegoen, exekuzioa bakarrik falta zen eta Zubizarretaren gobernuak zakarrontzira bota zuen proiektua.

Azkeneko Udal Batzan alternatiben inguruan galdetu zigutenean, aukerak aztertzen ari ginela esan genuen eta ez ginen mutu geratu, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideekin elkarlanean ari baikara.

Beraz, ez ibili herritarrei gezurretan. Gezurrak ibilbide motza du.

Guztiaren gainetik herritarrekiko errespetua eskatu nahi diogu EAJ-PNVri.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide