Maiatzaren 7an, EH Bilduk BAI

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2017ko api. 29a, 16:38

Urola Kostako EH Bilduk maiatzaren 7ko galdeketari babesa eskaini eta BAIezko bozka eskatzeko, agerraldia egin zuen atzo, ostirala, Zarautzen. Han izan ziren Azkoitiko EH Bilduko ordezkariak ere. Hona hemen irakurri zuten mezua:

 
2017a erabakitze urtea da. Orain urte batzuk abiatutako erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua Euskal Herriko txoko askotara iritsi da eta hazten eta hazten ari den olatuak gure eskualdea ere busti du.

Azpeitia izan zen lehenengo eta orain olatua Oriora, Getariara, Zumaiara, Azkoitiara, Aizarnazabalera, Zestoara, Errezilera eta Zarautzera ere iritsiko da. Herri ekimenetik sortutako Gure Esku Dago mugimenduak sekulako lana egin du Euskal Herria burujabe izan dadin eta EH Bilduk eskertu eta zoriondu egin nahi du. 

Euskal Herritarroi dagokigu gure Herria nazio zein Europa mailan kokatzea. XXI. mendean ez dira arrotzak euren buruaren jabe egin diren herrien urratsak, dozenaka dira aurreko mendean independizatu diren herriak eta ez dira gutxi hamarkada honetan erreferendum bat egitea aurreikusten dutenak: Eskozia, Katalunia edo Faroe uharteak tarteko. 

Euskal herritarron garaia da. Ezberdinen arteko elkarlanean eta erabakitze eskubidearen alde oinarrituta jaio zen Gure Esku Dago mugimenduak hautesontzietara garamatza. Giza-kate ekimenaren lekuko erabakitze eskubidearen aldeko herri galdeketak ditugu egun.

Makina bat lan daukagu egiteko. Jada 38 herrietako biztanleek aukera izan dute bozkatzeko Goierrin abiatu eta Euskal Herriaren luze eta zabalean hedatzea asmo duen erabakitze eskubidearen olatuarekin eta 2017an 600,000 pertsona deituko ditu hautestontzietara.

Datorren maiatzaren 7an, galdera bati erantzun beharko diogu Urola Kostako biztanleok: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? Urola Kostako EH Bilduko hautetsiok argi eta garbi dugu: BAI, euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dugu. Eta, zergatik? Aukera onena delako.

Euskal Herria jendarte konplexua da, anitza, baina ibilbide historikoak adierazten digu aniztasunaren kudeaketa hobea egiten dugula euskal herritarrok espainiar eta frantziar estatuek baino. Euskal herritarrok batzen gaituen konbentzimendua da gure burua hobeki antolatzen eta kudeatzen dugula kanpoko botereek baino.

Euskal Herria bideragarria baita esparru sozio-ekonomikoan, lurra eta beste herriekiko errespetuan oinarritutako ereduaren oinarriak jada jarri ditugulako. Ez da kasualitatea gurean sindikatu borrokalariak indartsuenak izatea, ez da kasualitatea gure inguruko herri mugimendurik trinko eta indartsuena izatea, ez
da kasualitatea munduan barna kooperatiben herri gisa ezagutzea, ez da kasualitatea ezberdintasunekiko sentsibilitate hedatua.

Jendartea bestela antolatzeko aukera eskaintzen du estatu burujabeak.
Elkarbizitza eredu sendoa eraikitzeko baldintza eta gogoak daudelako Euskal Herrian nagusitzen den prekarizazioaren aurrean. Kalitatezko demokrazia nahi dugulako, ikasi dugularik zer den frantziar errepublikak eta espainiar erresumak eskaintzen digutena. Munduko beste herriekiko elkartasunarengatik,
menperatutako jendarteok ederki dakigulako beste herriekiko elkartasuna dela elkarbizitzaren gakoa. Feminismoaren herria eraikitzen ari gara, euskara eta euskal kulturaren etorkizunak estatu propioa eskatzen du.

Arrazoi hauengatik guztiengatik eta bakoitzak gehi ditzakeenengatik, independentzia inoiz baino beharrezkoagoa da. Eta beharrezkoa izateaz gain, posible dela ere argi dugu. Katalunia, Eskozia independentziaren bidean daude. Beste batzuek independentzia lortu dute. Guk ere gurea lortuko dugu.

Datorren maiatzaren 7an, bete hautesontziak eta...
Esan BAI parte hartzeari!
Esan BAI herri duinari!
Esan BAI herri aurrerakoiari!
Esan BAI herri demokratikoari!
Esan BAI Euskal Herriaren independentziari!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide