Hondakinen bilketa selektiboaren datuen historikoa sistema mistoa martxan jarri zenetik

Erabiltzailearen aurpegia

Hondakinen bilketaren inguruko datuak jaso berri ditugu Urola Erdiko Mankomunitatearen eskutik. Datu hauek oso urruti daude 2013ko uztailean udalbatza osoak, PSE izan ezik, adostutako printzipioekin. Bertan, hondakinak sailkatzea derrigorra dela, bildutakoaren kalitatea bermatuko dela, errefusari ateak itxiko zaizkiola eta sailkatze maila % 70ekoa izango dela eta bi urteren epean %80-85era helduko ginela adostu genuen.

 

2014ko uztailean martxan jarritako sistemak azkar eman zituen emaitzak. Ez zen denon gustukoa izan sistema hura, jabetzen gara, baina Azkoitian eman zen parte-hartze prozesu handienetako baten ondorioz adostutako sistema izan zela eta emaitzak eman zituela ere esan beharra dago. Galdeketa ere egin genuen azkoitiarrek sistema hura egokitzat jotzen zuten ezagutzeko eta irten ziren emaitzak ere irakurri genituen, eta horretan ari ginen lanean.  Legealdi aldaketarekin trantsizio egoera batean sartu ginen, edukiontzi grisak itzuli ziren Azkoitira sailkapen tasak izugarri jaitsi zirelarik. Gaur egungo datuek diotenez, beste zenbait daturen artean,  Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan jasotzen den guztia errefusa bezala galtzen da eta edukiontzi grisetan hondakin guztiak nahastuta dituen  zabor poltsa ugari azaltzen da.

Oraindik ez dakigu Javier Zubizarretaren udal gobernuak zein sistema ezarriko duen etorkizunean hondakinak biltzeko eta bide batez 2013an sinatutakoa betetzeko. Noraezean dabiltzan edo erraustegiaren beharra justifikatu nahian dabiltzan galdetzen diogu alkateari. Guk garbi daukagu bai ingurumenarentzat, bai gure osasunarentzat eta baita gure poltsikoentzat ere, hondakinen bilketa selektiboa dela onena eta bide horretan lanean hasteko eskatzen diogu udal gobernuari.

Hondakinen mahaia lehenbailehen deitzeko eta bide batez beste taldeekin adostasunak bilatzeko eskatzen diogu Javier Zubizarretari, hondakinen arazoa  denon arazoa baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide