2015eko zergen bilketa EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen ari zela egin zen, eta ondo dakigu zein kritika eta presio jaso genituen zerga eredu hura martxan jarri genuenenean. Orain, berriz, EAJko gobernariek balorazio baikorra egin dute datu hauen aurrean eta udalentzako albiste ona dela adierazi dute. Eta horrela da, jakina. Lau haizeetara saldu nahi izan den EH Bilduren kudeaketa kaxkar horrek bere fruituak eman dituela, eta ez nola nahiko fruituak gainera, onartzeko ordua dela deritzogu. EH Bilduk 4 urtean egindako lan eta esfortzuaren emaitza da hori dena. Bestalde, Gobernari ontzat dute beren burua EAJkoek; ea 2016ko likidazioan, oraingo Foru Gobernua horrelako uzta lortzeko gai den. 2011n hainbat udaletxe eta Gipuzkoako Foru Aldundia nola topatu genituen, lur jota alegia, gogora ekarri nahi diegu.
Guk gure politikaren ardatza dugu partaidetza eta aurreko legealdian hori argi utzi genuen, aurrekontuaren diru zati bat nola gastatu erabakitzeko aurrekontu partehartzaileak erabiliz. Oraingo gobernuak martxan ziren parte hartze prozesu guztiak desegin ditu herritarren iritzia emateko bide garrantzitsuak desagertu egin direlarik. 116.000 euro horiek nola gastatu, herriari galdetzeko eta Danon Herrixe berriro martxan jartzeko eskatzen diogu Javier Zubizarretaren Udal Gobernuari. Badakigu ez daudela ohituta herriari horrelako gauzak galdetzen, baina guri Udaleko kudeaketa gardena izan dadin behar-beharrezkoa iruditzen zaigu.