EH Bilduk gogor salatu nahi ditu munduko eraso guztiak

Erabiltzailearen aurpegia

Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Parisko erasoetan hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Frantziako estatuko herritarrei une larri hauetan.

Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu. 

Zentzu horretan, Parisen gertatutako erasoaren erantzuna giza eskubideetan eta oinarrizko irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela aldarrikatzen dugu. Populazio zibilak modu bidegabean pairatu duen eraso ankerraren erantzuna ezin da inola izan neurri eta izaera berekoa. Eskubideen murrizketan oinarritutako salbuespen legeek demokrazia ahultzen dute eta ez dute inoren segurtasuna bermatzen.

Parisen bizi den sufrimendua ez da mundu osoan bizi diren gatazketan bizi denarekiko ezberdina. Horregatik, aldarrikatzen jarraitzen dugu inork ez dezala indarkeria erabili errugabeen aurka, inork ez ditzala armak saldu bere etekinak handitzeko, eta inoren Nazioarteko politikak ez ditzala gatazka gehiago eragin. Herri eta pertsona guztien askatasunak baino ez du lortuko mundu osoan ditugun gatazka latzgarri guztiak gainditzea.

Beraz, gogor salatu nahi dugu siriako herritarren aurkako eraso bortitza. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide