EH Bilduren gutuna hondakinen kudeaketaz eta Asier Aranbarriren inputazioaren auziko abokatu aldaketaz

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2015ko uzt. 30a, 12:00

Azkoitian korapilatsua joan zen aurreko legealdian hondakinen kudeaketa, batzuek arduratu bait ziren herrian giro nahasia sortzen. Bilduk, hondakinen mahaia jarri zuen martxan eta ondoren jarraipen batzordea. Atez Atekoaren aurkako plataformak ez zuen ez batan ez bestean parte hartu, gonbidatuak izan arren.

 

Azkoitian ikusi dugun partaidetza prozesu handienetako baten ondoren oso emaitza onak eman zituen adostutako sistema misto bat ezarri genuen. Ausartak izan ginen eta urtarrilean galdeketa bat ere egin genuen. Galdeketa honen emaitzak aztertu ondoren, beti ere irizpide teknikoak jarraituz, sistemaren gainean aldaketaren bat egitea aztertzen ari ginen. Orain EAJri tokatzen zaio hau dena kudeatzea. Errefusa biltzeko txipdun ontziak jartzeko asmoa azaldu du eta horren txostena eskatu behar omen dio mankomunitateari. Oso kuriosoa egiten zaigu INPOSAKETA hitza behin eta berriro erabili duenak horrela jokatzea. Hondakinen jarraipen batzordea bildu ere ez du egin beste taldeei bere proposamena jakinarazteko, eta azterketa teknikoa egin aurretik erabakita dauka zein sistema jarri behar duen.

2013ko uztailean udalbatza osoak, PSE ezik, onartu zuen akordioa ekarri nahi diogu gogora EAJri. Bertan hondakinak sailkatzea derrigorra dela, bildutakoaren kalitatea bermatuko dela, errefusari ateak itxiko zaizkiola eta sailkatze maila % 70ekoa izango dela eta bi urteren epean %80-85era helduko ginela adostu genuen. EAJri arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Herritarrei berriz, jartzen den sistema jartzen dela, orain arte bezala etxean hondakinak modu egokian sailkatzen jarraitzeko eta berauek ontzi egokietan ezartzeko eskatzen diogu. Gauzak ondo egiteak onura denoi ekarriko digu eta.

Bestalde, atzoko ohiko bilkuran EAJk proposatu du Azpeitiko epaitegian martxan den 1117/2013 zenbakiko auzirako Udalak izendatutako abokatua aldatzeko ahalmena alkatearengan delegatzea. Auzi horretan "iruzur, bidegabe eralgitze eta dokumentu faltsutzea" aipatzen dira.

Duela lau urte Azkoitiko Udala kudeatzera sartu ginenean Azkoitia Lantzeneko kudeaketan irregulartasun ugari topatu genuen. Abokatuak izendatu eta urte hauetan Azkoitia Lantzeneko egoera zuzentzen eta azkoitiarron interesak babesten aritu dira, plenoak hala eskatuta.

Zer dela eta, orain, lanak aurreratuta daudenean, abokatu aldaketa hau?

Azkoitarron defentsan arituko dira edo alderdiko kideren baten defentsan?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide