Beittu!

Gernikako bonbardaketetako biktimak gogoan, krabelinak jarri dituzte Balda dorretxeko arbolaren azpian

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2023ko api. 26a, 11:35
Krabelinak ikus zitezkeen gaur goizean plakaren gainean. (Andoni Elduaien)

Herritar batek jarri ditu krabelinak Balda dorretxearen aurreko Gernikako arbolaren kimuaren benetakotasuna ziurtatzen duen plakaren gainean. 1999ko martxoaren 1az geroztik dago Gernikako arbolaren kimua Balda dorretxearen aurrean.

Gaur, apirilak 26, 86 urte bete dira Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoek nahiz haren aliatuek, Alemania naziaren eta Italia faxistaren armadek, Gernikako herria (Bizkaia) bonbardatu zutela. Urtemuga hori dela eta, krabelinak jarri ditu herritar batek Balda plazan dagoen Gernikako arbolaren kimuaren azpiko plakan.

Azkoitiko Udalak duela bi urte jarri zuen zuhaitz kimuaren benetakotasuna ziurtatzen duen plaka. Plakan honako testu hau irakur daiteke, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: "Gernikako arbolaren kimua. Euskal Herriaren askatasunen eta bake gogoaren ikurra. Herri hura izan zen, 1937an, mundu mailan biztanleria zibilaren kontra izandako lehen bonbardaketa masiboaren gertalekua eta Pablo Picassoren Guernica obraren inspirazioa".

1999ko martxoaren 1az geroztik dago Gernikako arbolaren kimua Balda dorretxearen aurrean. Hain zuzen, Bizkaiko Batzar Nagusiek emandako Gernikako arbolaren kimu bat da han landatuta dagoena. Gernikako arbolaren kimua haritza da, quercus robur familiakoa zehazki. 

Gernikako arbolaren kimua eta haren benetakotasuna ziurtatzen duen plaka, Baldan. (Andoni Elduaien)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide