Beittu!

Tomas Lizarazuk parte hartu du Pantailak Euskaraz ekimenaren abestian

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2023ko mar. 19a, 10:51

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak bi urte beteko ditu aurki, eta ekimenaren aldarrikapenak zabaltzeko helburuarekin abestia eta bideoklipa sortu dituzte.

Pantailak Euskaraz ekimenak abesti bat eta bideoklip bat aurkeztu zituen atzo, Donostian. Abestia Josu Bergarak eta Oihane Bartrak sortu dute, eta bideoklipean hainbat musikari eta aktorek hartu dute parte; tartean da Tomas Lizarazu azkoitiarra ere.

Ekainean bi urte beteko ditu euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak, eta atzo azaldu zutenez, bost erronka izango dituzte aurrerantzean: "Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia handitzen jarraitzea, euskarazko streaming plataforma bat sortzea, zinemetan eta zinemaldietan euskararen presentzia legez bermatzea, espainiar telebista publikoan euskararen presentzia lortzea eta EITBko programazio eta aurrekontuetan euskarazko kateek lehentasuna izatea".

Aurkezpenean esan zuten, hain zuzen, abestiaren helburua ekimenaren aldarrikapenak zabaltzea dela. Horretarako hainbat komunikabeetan euskarrietan egongo da ikusgai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide