Beittu!

Duela 400 urte, gaurko egunez sinatu zuten Anziondo etxea egiteko dokumentua

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko mai. 31a, 16:53
Anziondo etxea edo Txapaneko etxea. (Andoni Elduaien)

1622ko maiatzaren 31n sinatu zuen Ana Zuazola Anziondok Andres Larrañaga arotzarekin Anziondo etxea egiteko eraikuntza kontratua. Anziondo edo Txapaneko etxea Kale Nagusiko 53. zenbakian dago. Juan Bautista Mendizabal historialariak egindako ikerketaren emaitza da honakoa: 

Duela 400 urte, gaurko egunez sinatu zuten Azkoitiko Kale Nagusiko 53. zenbakian dagoen Anziondo etxea egiteko eraikuntza kontratua. Eraikin noblea da Anziondo Etxea, eta XVIII. mendeko arkitektura burgesaren isla da Gipuzkoan. Gaur egungo eraikuntzaren aurretik, 1581ean, Martin de Zuazolak eta Ana Rekaldek sortutako maiorazkoaren bi etxe zeuden haren orubean. Ana  Zuazola-Rekalde –Antonio Zuazola Jausororekin ezkonduta zegoen– zen haren ondorengoa, eta bikotea Zuazola Zornostarizagako Jaunak bezala ezagutzen zen. Ana Zuazola Zuazola-Rekalde zen bikote haren alaba, eta, 1607an, Vicente Anziondo Alzolarekin ezkondu zen, Deban (Gipuzkoa).

1622ko maiatzaren 31n, Ana Zuazola Anziondok Andres Larrañaga arotz maisuarekin Anziondo etxe berriaren eraikuntza kontratua sinatu zuen, orubean zeuden bi etxeak eraistek0. Lan guztiak egiteko bost urteko epea hitzartu zuten. Hargintza eta igeltserotza obretarako, Joanes Zorroarain, Francisco Errazkin eta Francisco Loidi maisu eta ofizialak izan zituen bidelagun kontratistak. Loidi ezaguna egin zen Azkoitiko parrokiako zutabeen eta koruaren lanengatik. Arrandolazako San Jose baseliza eraikitzeko lanak ere hark egin zituen.

Anziondo etxeko lanek, ordea, bederatzi urte inguru iraun zuten, aurreikusitakoa baino lau gehiago. Behin lanak amaituta, Juan Martinez Uzin maisuak aztertu zuen eraikina, eta haren balioak 1.725 dukat –antzinako urrezko txanpona– egin zuen gora. Batez ere, Martin Altuna parrokiako bikarioak Vicente Anziondorekin zuen mailegu baten derrigortasuna betetzeko zailtasunengatik atzeratu ziren eraikinaren berritze lanak. Gaia elizako auzitegietaraino iritsi zen. Izapidetze luzea izan zuen epaiak, eta 1634ko abuztuaren 1ean, On Pedro Fernandez Zorrila Iruñeko gotzainak dekretuz agindutako erretorearen eskumikuaren jakinarazpena irakurri zuten parrokiako pulpitutik.

1633an, Vicente Anziondo eta Ana Zuazolak beren ondasunak batu zituzten, Azkoitiko etxe eta dorre nagusia akordio horren barruan sartuz. Oinerdekorik gabe gelditu ziren bikotearen ondasunak, eta 1753tik aurrera Manuel Ignacio Altuna Portu familiaren ondarera igaro zen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen inspiratzailea izan zen hura 1764an, Peñafloridako kondearekin eta Narrosko markesarekin batera.

XVIII. mendearen hasieran, eta Gipuzkoako erakunde ofizial gorenei Azkoitian egokitu zitzaien ohiko txandetako batean, Anziondo etxea korrejidorearen ostatua izan zen. Anziondo familiaren bizileku izaera galdu zuen ordurako eraikinak, eta ostatua izan zen. Han hartu zuen ostatu, besteak beste, Melchor Gaspar de Jovellanos pentsalariak, politikariak eta jakitunak.

1841ean, Concepcion Altuna Otalora Valentin Olanorekin ezkondu zen. Manuel Ignacio Altuna Porturen ondorengoetako bat zen Concepcion Altuna. Horrela, Anziondoren etxea Olano familiaren jabetzara pasatu zen. Garai hartan, Ugaran izenez ezagutzen zen, ordea, Anziondo etxea. Eraikinaren izena Vicente Anziondoren jabetzako Debako baserri baten izenetik etor zitekeen; izan ere, garai batean ikuskatzailearen bizilekua ere izan zen hura. Beste batzuen arabera, baina, Manuel Izeta eraikin hartan bizi zen maizterraren Azkoitiko Ugaran baserritik ere etor zitekeen izena.

1919ko maiatzaren 28an, Eugenio Narbaiza Sudupe Txapak Luis Olano Enparani erosi zion Anziondo etxea 42.000 pezetaren truke, bere baratzeekin eta belardiekin. Gerora, ordea, Jasokunde Kooperatibaren eta Azkoitiko Udalaren jabetzara pasatu zen eraikina, hurrenez hurren, San Martingo etxeak eraiki ahal izateko.

Bestalde, Anziondo etxean jaio ziren Azkoitiko historiari lotutako bi pertsonaia esanguratsu: batetik, 1883an, Jose Joakin Larrañaga Azkoitiko Txikito pilotari ospetsua, eta bestetik, 1899an, Nemesio Etxaniz apaiz idazlea eta euskaltzalea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide