ETB1ek gaur gauean eskainiko du Azkoitiko 'Herri txiki, infernu handi' saioa

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko urt. 23a, 09:00
Gurea pilotalekuan grabatu zuten bakarrizketa saioko irudia.

Joan den abenduaren 9an herriko kaleetan eta abenduaren 23an Gurea pilotalekuan hartutako irudiak eskainiko ditu ETB1ek, 22:30etik aurrera.

Euskal Telebistak gaur gaueko 22:30etik aurrera emango du Azkoitian grabatutako Herri txiki, infernu handi saioa. Abenduaren 9an eta 23an herrian hartutako irudiak eta hamaika azkoitiarrekin egindako elkarrizketak aurkeztuko ditu ETB1ek.

Abenduaren 9an, Azkoitian izan ziren Pagadizabal eta Gurrutxaga, eta hainbat herritarrekin elkartu ziren biak ala biak. Abenduaren 23an, berriz, elkarrizketetako irudiak eskaini zituzten Gurea pilotalekuan.

Sekulako arrakasta izan zuen bakarrizketa saio hark. Ikuskizunerako gonbidapenak bost minutuan agortuta, leporaino bete zen herriko frontoi nagusia. Emanaldian zehar, berriz, gogotik gozatu zuten saioarekin gonbidapena zuten herritarrek. Gaur gauean, bi saioen grabaketek eman zutena osorik ikusteko aukera izango dute herritar guztiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide