Beittu!

Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor' abestia moldatu du Anarik

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko ira. 1a, 12:53

Anari kantari azkoitiarrak Nacho Vegas asturiarraren Vinu, cantares y amor kantuaren bertsioa egin eta aurkeztu du gaur, irailak 1. Anarik euskarara egokitu du Vegasen abestia, eta Badok.eus atariak argitaratu du. Hain zuzen ere, Vinu, cantares y amor abestia Ramon Bilbao bodegaren enkarguz sortu zuen Vegasek, eta, ondoren, Canciones populistas diskoan (2015) jaso zuen.

Abestiaren bideoklipa gaur estreinatu du abeslari azkoitiarrak. Plano sekuentzia bakarrean egindako bideoklipa da, eta Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulon grabatu dute, eraikina bota bezperatan. Anariren taldeko ohiko kideez gain –Mariano Hurtado (teklatua), Mikel Abrego (bateria), Xabier Olazabal Drake (baxua), Ander Mujika (gitarra) eta Xabi Etxeberri (biola)–, hainbat lagunek hartu dute parte abestiaren grabazioan, koruak eginez; besteak beste, Mursego eta Miren Narbaiza musikariak, Maialen Lujanbio bertsolaria, eta Eider Rodriguez nahiz Kattalin Miner idazleak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide