Gorka Larrañagak erakusketa berria ireki du Donostiako Arteztu galerian

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko uzt. 15a, 14:57
Gorka Larrañaga artista.

Joan den ostiraletik abuztuaren amaierara arte egongo da irekita artista azkoitiarraren erakusketa Donostiako Arteztu galerian. Azkoitiarrak bi hamarkadetako irudiak hautatu ditu erakusketarako.

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak Ohikoa eta mutantea. Orainaren gainjartzeak erakusketa ireki zuen joan den ostiralean, Donostiako Arteztu galerian. Monica Galvan komisario mexikarraren eta Arteztu galeriaren elkarlanari esker, azken 22 urtetako irudi biltegiko pieza batzuk aukeratu eta horiek berezkoa zuten narratibaz lotu ditu Larrañagak erakusketan, emozio berri bat birsortzeko asmoz.

Heldutasun lagin bat bezala uler daiteke azkoitiarraren erakusketan ikus daitezkeen lanak. Larrañagak berak azaldu duenez, dagoeneko ez du gauzak kontatzeko "horrenbesteko beharrik", eta irudi berari uzten dio bakardadean azalpena ematen. Dena den, existitzen ez diren irudiak sortzea, irudi berriak asmatzea eta egungo ikusleari emozio berriak sortzeko gai diren irudiak erakustea dira Larrañagaren asmoak.

Pop eta informalismoaren eraginarekin, artxiboaren eta teknologiaren itzalean hazita, Larrañagak bere irudi biltegi propioak erabili ditu bere lanak osatzeko. Pintura eta marrazkia "irudi perbertutiaren" garaietara egokitzen ahalegindu da artista.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide