'Biba zuek!' saioa Azkoitian izan da

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko eka. 5a, 09:41

Saio bakoitzean herri bat ezagutarazten dute, eta ostegunean Azkoitiaren txanda izan zen. Sonia Vazquez nahiz Juan Bautista Mendizabal zinegotziak eta Maite Azpiazu elkarrizketatu zituen Joseba Olagarai kazetariak.

Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek zuzentzen duten ETB1eko Biba zuek! telebista saioa Azkoitian izan zen herenegun, osteguna. Sonia Vazquez Kultura zinegotzia, Juan Bautista Mendizabal Turismo zinegotzia eta Maite Azpiazu ile-apaintzailea elkarrizketatu zituen Joseba Olagarai kazetariak.

Vazquez zinegotziak Azkoitiari buruzko hainbat azalpen eman zizkion Olagarai kazetariari –39. minutuan hasita–. Besteak beste, herrian ikus daitezkeen guneak zein diren azaldu zuen, baita gastronomia eta aisialdian herrian zer egin daitekeen ere.

Juan Bautista Mendizabalekin elkartu zen Olagarai –54:20 minutuan–. Jorge Oteizak Azkoitiarekin duen lotura azaltzeaz gain, Oteizak berak garatutako Oteizaren frontoiak aurkeztu zituen Mendizabalek. Gainera, Oteizak Mendizabali emandako idatzi bat ere erakutsi zuen azkoitiarrak.

Saioaren amaieran, berriz, Joseba Olagarai kazetaria Maite Azpiazu ile-apaintzailearen ile-apaindegira joan zen bisitan. Azpiazuk hainbat kontuz hitz egin zuen, eta elkarrizketa tartea amaitzeko, kazetaria itxuraz aldatu zuen.

Ikusi saioa, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide