Azkoititik ere igaro da Mikel Lizarralde

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko urt. 16a, 11:00
Mikel Lizarralde Azkoitian. (Mikel Lizarralde)

Esklerosi anizkoitza du eibartarrak, eta gaitzaren ikerketarako dirua biltzeko Gipuzkoako 89 herri lotzen ari da bizikletaz. Hiruzpalau astean bukatuko du erronka; Azkoititik eta inguruko herrietatik igaro da dagoeneko.

2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Mikel Lizarralde eibartarrari, eta erronka bidez ari da erantzuten gaitzari. Izan ere, gaitzaren alde dirua biltzeko, Gipuzkoako 89 herri bizikletaz ari da lotzen Codesyntax enpresako marketin arduraduna. Asteartean Azkoitian izan zen, eta herri batera iristen den aldiro egiten duen moduan, argazkia atera zuen igerilekuaren aurrean. Hirugarren eta laugarren etapetan eskualdeko herrietatik igaro zen, eta honako lotura honetan irakur daiteke egun horietan bizi izan zuena.

Orotara 600 bat kilometro egingo ditu, "bideaz gozatuz eta presarik gabe", eta Gipuzkoako herri guztiak hiruzpalau astetan zeharkatzea aurreikusten du eibartarrak. Bildutako dirua Biodonostiari emango dio, esklerosi anizkoitzaren alde lanean jarrai dezan. Lizarralderen erronkaren gaineko informazio guztia haren Twitterreko @macmikel kontuan eskura daiteke, baita Bizi.eus webgunean ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide