Anari, Ro, Bulego eta Trini Fox taldeen diskoak, 2020ko kutunenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko urt. 9a, 08:30
Ro musika taldea.

Badok atariak 2020ko disko kutunen zerrendak osatu ditu, euskal musika ekoizpena gertutik jarraitzen duten hamabi lagunen ekarpenarekin. Hainbat hedabidetako musika adituek hamabi diskoz osatutako zerrendak egin dituzte, eta hautatutakoen artean dira Ro taldearen Athalase, Anariren eta Thalia Zadeken cOUPAGES #04, Bulego taldearen Bulego eta Trini Fox taldearen Ataraxia diskoak; hiru boto jaso ditu Roren lanak, bi Anarirenak eta bana Bulegorenak zein Trini Foxenak.

Hain zuzen ere, Andoni Tolosa Berria egunkariko disko kritikariak, Iker Barandiaran Argia aldizkariko disko kritikariak, Iker Gurrutxaga Naiz irratiko Musikharia saioaren gidariak, Ihintza Orbegozo Berria egunkariko disko kritikariak, Ion Etxebarria Hala Bedi irratiko Hiru Kortxea saioaren kideak, Jaione Dagdrommer Gaztezulo aldizkariko musika kazetariak, Jon Urzelai Badokeko kolaboratzaileak, Julen Idigoras Gaztea irratiko B aldea saioaren gidariak, Koldo Otamedi Hamaika telebistako Musika zuzenean saioaren gidariak, Panpi Merkapide Gure Irratiako Adi saioaren gidariak, Urko Ansa Badokeko kolaboratzaileak eta Xabi Doncel Mondo Sonoro aldizkariko kolaboratzaileak osatu dituzte diskoen zerrendak.

Ro taldearen Athalase lana zerrendan sartu dute Iker Barandiaranek, Jaione Dagdrommerrek eta Koldo Otamendik; Anari eta Thalia Zadeken cOUPAGES #04 diskoa Iker Barandiaranek eta Ion Etxebarriak; eta Bulegoren Bulego lana eta Trini Foxen Ataraxia Iker Gurrutxagak hautatu ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide