Egoitzako egoeraren aurrean, bere babes guztia azaldu nahi du Azkoitiko Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Gazte Asanblada 2021ko urr. 6a, 16:43

Azkoitiko Gazte Asanbladak egoera kaskar hau pairatzen ari diren guztiei babesa adierazteko irakurketa egin nahi du.

Pandemia aitzakiatzat harturik, martxan da langileon aurkako burgesiaren ofentsiba. Lehendik ere bagenuen eta areagotu den krisi kapitalistaren testuinguru honetan, langileon lan baldintzak okertu egin dira: soldaten jaitsiera, lanaldi partzialen areagotzea, langabezia, estatuaren partetik bermatutako gizarte zerbitzuen murrizketa eta pribatizazioa… Kaltetuenetako bat zaintza lanen sektorea izan da. Egoera hau geure herrian bertan ere San Jose egoitzan ikus dezakegu.

Egoitzako egoera jasanezina salatzeko, elkarretaratzeak antolatzen jardun dute bertako langileek, egoiliarrek eta senideek urteetan zehar. Hala ere, ez dute lortu egindako eskarien erantzunik erakunde publikoek partetik. Egoera oso larrian aurkitzen dira: lanaldi luzeak, langile murrizketak,atsedenaraldirako zailtasunak, lan karga handiegia… Eta orokorrean, egoiliarrei zaintza duin bat ahalbidetzeko ezintasuna. Lan baldintza eskasenak eguneroko ogia dira.  

Azkoitiko Gazte Asanbladak bere babes guztia adierazi nahi die egoera kaskar hau pairatzen ari diren guztiei. Garbi dugu egun dugun sistema kapitalistaren emaitza zuzena dela, non kapitalak etekina bermatzeko duen zailtasunaren ondorio, langileon lan baldintzak okertzea ezinbestekotzat jotzen den. Horren aurrean, langile antolakuntzaren hautua egiten jarraituko dugu, hori baita sistema honekin eta zapalkuntza ororekin amaitzeko dugun irtenbide bakarra. Gure herriko gazteen artean kontzientzia politikoa sustatzen eta kaleetan lanean jarraituko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide