Gaur egungo interbentzio ideologikoa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Gazte Asanblada 2021ko api. 25a, 10:13

Arlo desberdinetan bizi dugun egoera latza justifikatzeko, bai osasun arloan, baita ekonomiko zein sozialean ere,  pandemia jarri du erdigunean sistema kapitalistak. Gure ikuspuntua garbi daukagu bizi dugun hondamendiari buruz, aurrez aipatu izan dugun bezala: osasun arazo bat osasun baliabideekin konpondu beharrean, askatasun eta eskubideen urraketa konstantea dakarren estatu poliziala sortu izana da bizi dugunaren atzean dagoena.

Testuinguru honetan ezaguna duzue jada gazteok jasaten dugun kriminalizazioa. Hau ezinezkoa litzateke komunikabideek gizartean egiten duten interbentzio ideologikoagatik ez balitz. Langile klasearen aurkako burgesiaren ofentsiba martxan da, eta komunikabideek jokatzen duten papera, honek dituen tresna edo baliabideetako bat besterik ez da.

Interbentzio ideologikoaren bitartez klase dominatzaileari interesatzen zaion ikuspuntua sortzen saiatzen dira gizartearen gehiengoarengan. Modu honetan, langile klasea bera diskurtso burgesaren bozeramaile izatea lortzen dute.

Jardun hau ezin bestekoa zaie masa zabalen partetik sumisioa eta obedientzia lortzeko. Sistema kapitalistatik at geratzen den edozein korronte ideologiko, politiko edota ekimenen sorrera eta garapena ekiditeko. Beste modu batera esanda, kontrol burgesetik at eta langileen esku dagoen edozein botere pilaketa deuseztatzea du helburu.

Beste espresio batzuen aurka ere interbentzio ideologikoa martxan jartzen dela ikusten dugu, langileriaren antolakuntza kontzienteaz haratago, hainbat bat-bateko jarreren aurrean ematen baita. Izan genuen horrelako kasu bat herrian eta hauxe azalduko dugu jarraian:

Azkoitian bertan salatu genuen eraso polizialaren kasuak izan zuen prentsaren partetik zuriketa eta irudi interesatu bat sortzeko saiakera. Eraso honen salaketa egin eta hurrengo egunean irakurri ahal izan genuen, prentsa baliabide garrantzitsu baten ahotan, erasoa gertatu zen gauean ehun pertsona inguru zeudela bide publikoan edaten eta, bestalde, jasandako erasoari eta ondorengo mobilizazioari ez zitzaion erreferentziarik egiten prentsan.

Hau kasu nabarmen bat dugu, non gazteon ustezko burugabekeria plazaratu nahi den osasun larrialdia justifikatu nahian eta kontrola eta jazarpena dakartzan estatu ereduari zilegitasuna ematen zaion.

Interbentzio ideologikoa ez da solik gazteon kriminalizaziora mugatzen den fenomenoa, askoz ere eskala globalagoa duten gaien inguruan ere ematen da, sistema kapitalistaren dinamika normalizatu eta barneratzea baitu helburu masa zabalen aurrean.

Ezinbestekoa ikusten dugu burgesiaren estrategia honen aurrean langileon kontzientzia propioa garatzea. Hau litzateke burgesiak erabiltzen duen estrategia hori gelditzeko modua, eta langileon antolakuntzari esker bakarrik lor dezakegu. Azkoitiko Gazte Asanbladatik lanketa politikoa egiten jarraituko dugu, geure herrian ere gazteria politizatu eta aktiboa eraikitzen joateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide