Bizi dugun gazte kriminalizazioaren harira

Erabiltzailearen aurpegia

Gazteria. Guretzat ez da adin tarte soil bat. Sistema kapitalistan burgesiaren menpe dagoen eta honentzat funtzio espezifiko bat betetzen duen subjektu bezala ulertzen dugu. Gazte belaunaldiei bizimodu eredu jakin bat ezartzen zaie, etorkizunean langile klaseari bere osotasunean ezartzeko aurrekari bezala. 

 

Gure errealitatearen parte dira: langabezia tasa altuak, lan baldintza prekarioenak, hezkuntza sistemaren gainbehera, ezegonkortasun konstantea ekonomikoki zein solizalki…

Hemen kokatzen dugu gazteok jasaten dugun kriminalizazioa ere. Kriminalizazio honen bitartez gazteon irudia desitxuratzea dute helburu. Modu honetan gizartea eraldatzeko ahalmena duen subjektu iraultzaile bezala agertu beharrean, sozialki ikusten diren hainbat arazoren arduraduna den sektore burugabe eta despolitizatua bezala aurkezten gaituzte.

Kriminalizazio hau ikusten dugu komunikabideetan ematen den interbentzio ideologikoan. Gazteon desitxuratze hori ematen da gureganako irudi interesatua sortzeko. Gaur egun covid-19aren osasun hondamendia eta honen gestiorako sistema kapitalistak erakutsi duen ezintasunarekin, areagotu egin da auzi hau. Albisteetan maiz ari gara ikusten gazteria protagonista bezala duten hainbat berri, ustezko gure jarrera arduragabeak eta hauen osasun larrialdiarekiko lotura egin nahian.

Jasaten dugun kriminalizazioa ez da solik komunikabideetako albisteetara mugatzen den zerbait. Kriminalizazio honek ateak irekitzen dizkio eta zilegitasun osoa ematen dio, gugan sortutako irudiaren bitartez, jasaten dugun jazarpen polizialari. Modu ezberdinetako hainbat eraso ematen ari dira polizia indarren partetik: identifikazioak, isunak, karga polizialak… Askotan antolakuntza politikoaren aurka zuzenki bideratutako erasoak izan ohi dira, eragile politiko desberdinen ekintzen aurka oldartzen baitira. Geuk salatu genuen aurrez herriko gazte batzuk jasandako eraso poliziala eta baita geure asanbladaren aurkakoa ere. Beraz gure herrira modu nabarmenean iritxi zaigun arazoa dela ikusten dugu.

Arazo hau gutxi balitz, jasaten dugun kriminalizazioak beste kapitalaren erreminta bati ere ateak irekitzen dizkio, teknologia berrien bitartez jasaten dugun kontrolari hain zuzen ere. Gaur egun inoiz baino gehiago kontrolerako teknologia ezberdinen garapena eta hauen ezartzea bultzatzen ari da burgesia. Hemen ikusten ditugu besteak beste: geolokalizazioa erabiltzen duten hainbat gailu eta aplikazio; ezagutze fazialean garatu diren teknika eta erreminta berriak; telelana egin beharrak langile askori suposatzen dion kontrola…

Bizi dugun ofentsiba kapitalistaren aurrean ikusten dugun irtenbide bakarra langileon antolakuntza propioa da. Problematika konkretuei erantzuteko tresna, eragile politiko, langileon kontrolpeko espazio eta abarren bitartez burgesiaren aurrean langileon boterea eraiki eta garatzeko premiazko momentuan gaudela ikusten dugu. Hemen kokatuko genuke gure Gazte Asanblada ere, gazte problematikari erantzuteko eragile bezala.

Gure jardunarekin hasi besterik ez gara egin eta aurrerantzean auzi hau lantzen ikusiko gaituzue herrian,  kontzientzia politikoa hedatu eta gazteon antolakuntza indartzeko pausoak emanez. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide