Zubietako Erraustegia: hainbat gako eta galdera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zutik 2016ko abe. 26a, 17:00
Erraustegiaren afera aste honetan jokatzen denez, Pello Zubiriak erraustegiaren inguruko 14 gako eta galdera idatzi ditu Argian argiataratu duen artikuluan, eta guztiek eragiten badigute ere, puntu batzuk ekarri ditugu hona: - Abenduaren 27an Gipuzkoako erakunde nagusiak kontrolatzen dituzten EAJ eta PSEko agintariek urrats berri eta –2011an nahi izan zuten bezala– atzerabiderik gabekoa egingo dute aspaldi erabakitako errauste planta Zubietan eraikitzeko bidean. Aste hauetan gauza asko daude jokoan Gipuzkoan eta egunotan egindako edo egin gabe lagatako ekintzek ondorioak ekarriko dituzte gutxienez 2051 arte.

- 2011-2015 legealdian Bilduko agintarien hondakin planaren eta orain EAJ eta PSEkoen plan zaharberrituaren arteko erkatze eta eztabaida publikorik ez da onartu. Baina burrunba mediatikoak ezingo du estali egia: alternatiba bazegoela eta dagoela.

- 2051 arteko zor publiko ez-legitimo bat sortzen ari dira hilabeteotan EAJ eta PSEko agintariak, 2011n swap toxikoekin sortutakoari gehituz. Ezkerreko alderdi politikoek erreakzio bereziren bat edukiko ote dute? Neoliberalismoak eragindako prekarizazioaren kalteez okupatzen diren gizarte mugimenduek?

- Udalek hondakinen kudeaketa historikoki beren eskumena izan dutenean, ahalmen eta subiranotasun galera handi bat ari dira nozitzen Gipuzkoan, mankomuniteteei borondatez lagatako eskumenak GHKren bidez konpainia pribatuei betiko uzteraino. Hondakinen erabakitze eskubidea ere gure esku ez badago, nork sinetsaraziko digu gure esku dagoela subiranotasun politikoa?

- Udalak dira mankomunitateen bidez, GHKren erabakien erantzule. Zenbait mugimenduren ostean, Gipuzkoako udal bakar batek ez du erabaki mankomunitate horietatik irteterik. Ez irtetea ere erabakia denez, udaletako ordezkariak jabetzen dira beren gain hartzen dituztela GHKk 2051 arte sinatutako konpromisoen erantzukizunak?

- Politikagintza, udaletakoa barne, alderdien aparatuek kudeatzen dutela gauza jakina da. Udalak herritarren ordezkari direnez, herritarrei azalduko diete 2051 arteko aurrekontuak mugatuko dituzten kontratuon nondik norakoak? Ala alderdiek hartuko dituzte beren gain bai erantzukizunak eta bai azalpenak?

Artikulu guztia Argia.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide