Erraustegiaren Aurkako 600 boluntariok 225.000 informazio-orri banatuko dituzte asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zero Zabor 2016ko mai. 13a, 13:40

Asteburu honetan, hilak 14 eta 15, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua Gipuzkoa osoa buzoneatzera doa. Mobilizazio zabal horren bitartez, erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali nahi diegu: komunikabide handietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. 

 

Erraustegiaren arduradun politikoek herritarrei ezkutatzen dietena azalarazteko gai garela demostratuko dugu. Batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana, banan-bana, iritsiko dira.

Dagoeneko herrietan daude banatu ditugun 225.000 esku-orriak eta dena prest dago herrialdeko buzoi guztietara iristeko. 600 lagunek hartuko dutela parte aurreikusten dugu.

Buzoneatuko dugun esku-orrian hiru mezu zabalduko ditugu:

  • Erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Erraustegiaren inguruan minbizi kasu gehiago pairatzeko arriskua frogatu da. Dozenaka ikerketa daude, baina bat aipatzearren: Carlos III Unibertsitatea (2013). Minbiziak ez du bereizketarik egiten ez klase sozial, arraza edo sexuen artean, ezta alderdi politikoen boto-emaileen artean ere. 
  • Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu ditu erraustegiaren kostuak. Hasieran 300 milioi euro kostua izango zuela iragarri arren, orain jakin ahal izan dugu kopuru hori 1.200 miliotara iritsiko dela. Eta horietatik %10, “garbi”, enpresa pribatu baten akzionistek eramango dute. Eta zeinek ordainduko du? Herritarrok, gure tasen eta zergen bitartez. Hau onartezina da!
  • Zabortegiak ez dira konponbidea. Ez Epelen, ez Lapatxen, ezta Kantabrian ere. Soluzioa gero eta hondakin gutxiago sortzea da, ahalik eta baliabide gehienak berreskuratzea eta bakoitzak bere etxean hondakinak berezituak jasotzea. Badaude herri eta eskualde asko Gipuzkoan hori dena egitea posible dela demostratzen ari direnak, udalean alderdi politiko bat edo bestea egon (Debagoiena, adibidez).

Bide batez, maiatzaren 29rako antolatu den giza-katearen deialdia gogoratuko dugu.  Jakina den bezala, giza-kate batek Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko ditu eta esku-orri honen bitartez ere gipuzkoar guztioi parte hartzeko deia egingo diegu.

Asteburu honetan Gipuzkoako etxe guztietara iritsiko gara gipuzkoar guztion osasunaren eta patrikaren kontra doan egitasmo hau gelditu daitekeela eta geldituko dugula ozen adierazteko.

 

BURUA DUENAK EZ DU ERRAUSTEGIRIK NAHI BERE HERRIAN, ETA BIHOTZA DUENAK EZ DU BESTE INOREN HERRIAN NAHI

Oharra: Ekimen honetan parte hartu nahi duenak, plazan(kultur etxeko sarreran) gaur ostirala 17:30tan ipini dugun hitzordura azaldu dadila, edo bestela Donostiako hitzordura ager dadila: larunbat 14an, 9:00etan, Ilarraberri kalean (Ibaetan, Aratz jatetxearen ondoan). 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide