Hondakinen inguruko hausnarketa, sentipena eta informazioa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zero Zabor 2016ko ots. 17a, 18:17

Hasteko, aldarrikatu nahi dugu 2014ko uztailean sistema mixtoa ipini zenetik, gorabeherak gorabehera, nahiko ondo funtzionatu duela sistema horrek: %70tik gorako (noizbait %80) gaikako bilketan ibili gara. Maiatzetik aurrera, ordea, gauzak aldebresten hasi ziren. Galdeketan ezezkoa gailendu eta EAJk hauteskundeak irabazi ondoren, jende zabarrak zaborrarekin "barra libre" izango zuela pentsatu du nonbait. Baina oker daude.

 

Udal Gobernuko ordezkariekin egon garenean, berriz, Udalbatzan onartutako helburu eta printzipioak bete behar direla esan izan digute:

1- %70eko gaikako bilketa (2 urtera %80-85).

2- Hondakinak bereiztea herritar guztion betebeharra da.

3- Errefusari ateak itxiko dizkion sistema izatea.

4- Gaika bildutakoaren kalitatea bermatzea.

5- Irizpide teknikoetan oinarritutako sistema izatea.

Eta guk hitza hartzen diegu. Sistema aldaketa egiteko asmoa azaldu ziguten, baina gaiako bilketaren helburuak mantenduz. Horretarako ondorengoa proposatu ziguten: errefusarentzat eta organikoarentzat  txip bidezko edukiontziak ipini nahi zituztela esan ziguten. Zegama eta Arrasateko sistemak aipatu zizkiguten. Alegia: txip bidezko kontenedorak (errefusa astean behin), "malditos txintxilikarios" erabili beharrik gabe, eta helburuak lortzen ari garen baloratu eta neurri zuzentzaileak adosteko jarraipen batzordea osatu.

Gure ustez Zegama eta Arrasateko  sistemak gauza positiboak badituzte, eta horretaz hitz egiteko prest azaldu ginen eta zain gaude. Azkoitian dugun arazoetako bat inpropioena da, eta kontenedore sistemarekin mugak daudela jakitun gara. Izan ere, kontenedoreak txipdunak izan arren, kontrolerako eta mugak jartzeko eta zuzentzeko zailtasunak aurreikusten ditugu. Horregatik, ahal den zorrotzen jokatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Hala ere, ahalegina egiteko prest gaude.

Gauzak aldrebestu direla diogunean inpropioekin dugun arazoaz ari gara. Alegia, beraien zaborra (nahasia) lehena topatzen duten zuloan botatzen duten horiek gainontzekoen ahalegina izorratzen ari dira. Edukiontzi marroian eta horian inpropioekin ditugun arazoen ondorioz, birziklatze-plantetara bideratu ditugun hondakin kopurua %30-40ra jaitsita egon da. Organikoa, berriro ere, bereizte plantara bideratu bada ere, ontzi arinak zabortegira doaz zuzenean. Zabortegira urtarrilean 66.000 kilo bideratzetik urrian 235.000 kilo bideratzera pasatu gara (ia lau aldiz gehiago). Zorionez, zertxobait zuzendu hori. Hala ere, oraindik dauden arazoak konpontzeko proposamenak baditugu.

Gauzak horrela, behin behineko neurri gisa, azarotik edukiontzi grisak ditugu kaleetan. Guretzat kezkagarria da edukiontzi gris "tragoia", kontrolik  eta mugarik gabekoa, berriro kalean ikustea. Gaizki ari direnei erraztasuna ematea dela uste dugu. Arduragabe ari direnei arrazoia ematearen parekoa denaren sentsazioa daukagu. Baina behin-behineko neurri bezala onartu genuen, Udala zangotrabatzen hasi gabe.

Baina behin behineko neurriarekin hiru hilabete pasa daramatzagu! Bada garaia aipatzen zizkiguten Zegama eta Arrasateko sistemaren ildotik eta helburuak lortze aldera, Azkoitian egin behar duguna zehazten joateko. Horretarako, lehenbailehen, teknikariekin elkartu eta urratsak finkatzen joatea presazkoa dela uste dugu. Guk jarrera eraikitzailearekin jarraitzen dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide