Azkarateko hondakin gunea

Alkatearen trikimailuak desmuntatuz

Erabiltzailearen aurpegia Azkarate Garbi plataforma 2020ko mai. 2a, 14:00

Azkarateko hondakinen plantaren gai hau apirilaren 7an argitaratu zenetik gaur arteko
historian, garbi ikusten da nabarmena izan dela alkatearen jarrera aldaketa, eta azken
egunotako adierazpenetan haratago joanez, trikimailu berriak asmatu ditu Azkarateko planta bailararen onerako dela sinestarazteko. Idatzi honen bitartez, trikimailu hauek desmuntatu eta Azkarate Garbi plataformaren jarrera zein den azaldu nahi diegu azkoitiar guztiei.

Lehenengo eta behin, "bailarako beharrei erantzuteko proiektuaren" ideia gezurtatu nahi dugu. Hasteko, inongo agirietan ez da zehazten hondakinak non sortutakoak izango diren. Eta kontuan hartuta, Geolan-en txostenak egunean 25 tonako hondakinez betetako 25-35 kamioien mugimendua aurreikusten duela hondakin gunerantz, eta guk ulertzen dugunez, hori lehenengo fasean bakarrik, ez dugu uste Urola bailara bakarrik, hainbeste hondakin sortzeko gai denik. Beraz, kontrajarriak diren datu hauek, argi eta garbi erakusten dute gezurra dela bailarako beharrei erantzuteko helburua duenik hondakinen plantak. Edo bestela, argitu beharko dute zeri deitzen dioten bailara, zein lurralde sartzen diren bailararen mugetan.

Bigarren trikimailua, are eta barregarriagoa da, alegia, "kontrolik gabeko zabortegi txikiak ekiditea duela helburu Azkaratekoak”. Baina Azkaratekoari ezetz esatearen arrazoietako bat, hain zuzen ere, kontrol-gabezia da, ez baita inolako kontrolik bermatzen. Larke enpresak jaso duen baimenak dio, enpresaren beraren gain gelditzen dela arauak betetzen direla ikuskatzea, eta horri ezin zaio kontrola deitu. Beraz, kontrolik gabeko zabortegi txikiekin amaitzeko, kontrolik gabeko hondakin gune handi bat sortzea proposatzen du alkateak. Zaldibarkoa horixe izan da, hondakin gune inkontrolatu handi bat, teorian hondakin ez arriskutsuena gainera, nahiz eta gero ikusi den han edozer botatzen zela.

Hirugarrenik, "proiektuaren helburua gustatzen zait, birziklatzea delako" dio alkateak. Baita Zaldibarkoak ere, eta izenean bertan zeraman, Verter Recycling. Baina kontrolik ez baldin badago, eta gaur egungo hondakinen kudeaketa ereduak ez du kontrolik bermatzen, nola sinetsiko dugu bada Azkarateko hondakinen plantak birziklatzea duenik helburu? Azkarateko kasuak, Zaldibarkoaren antza handia du, han ere izenetik hasita birziklatzea aipatzen zen, han ere lehenengo fase bat jarri zen martxan baimen batzuekin eta gero fasea aldatu zen eta baimenak ere bai. Eta, nork kontrolatu du? Inork ez. Nor egin da erantzule? Inor ez. Nork sufritu du? Herriak. Eta Azkoitian ere badugu kontrol-gabeziaren adibide negargarria, Oñeder. Nork kontrolatu du? Inork ez. Nor egin da erantzule? Inor ez. Nork sufritzen du oraindik ere? Azkoitiarrok.

Alkateak dio: "Jaurlaritzak emandako baimenak askoz zabalagoak dira Udalak onartzen
dituenak baino"; "udaletxeak dituen arauetan sartu beharko luke". Alkateak "bere hitzen jabe
izan behar duela" dioenez, hitz hauetatik ondoriozta daitekeen bakarra da, udalak proiektu hori
atzera bota beste irtenbiderik ez duela. Zeren, aurrera jarraituz gero, Azkoitiko herria Zaldibarren gertatu zena gertatzeko arriskuan jarriko luke. Eta, ez hori eta ez antzekorik, ez dugu onartuko, Oñeder eta Zaldibarko esperientziak hor dauzkagu, ezin da atzera egin, ezin dira ezabatu, baina horietatik ikasgai garrantzitsu bat atera behar dugu: kaltetuak herritarrok izango garenez, borroka egin behar dugula Azkoitian hondamendia ekar dezakeen inolako plantarik jar ez dezaten.

Azkarate Garbi plataforma

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide