Azkarateko hondakin gunea

Azkarate Garbi plataformaren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Azkarate Garbi plataforma 2020ko api. 24a, 17:45

Atzo osteguna, apirilak 23, Azkoitiko Udalean egin zen Hirigintza Batzordeko bileraren harira, Azkarate Garbi plataformak zenbait adierazpen egin nahi izan dizkie herritarrei:

Nahiz eta alkateak hasieratik esan zuen partaidetza prozesua alarma-egoera bukatu ondoren jarriko zuela martxan, bat-batean Hirigintza Batzordea deitu zuen eta gonbidatuak izan ginen. Gure harridura helarazi genion eta atzerapena eskatu ere bai, izan ere, itxialdi egoeran eta elkarrekin biltzeko modurik ez daukagunean, ez genuen bidezkoa ikusten udalak bilerara deitzea. Atzerapen eskaera onartu eta bilera bertan behera geldituko zela agindu zigun arren, ikusi dugu batzorde bilera egin dela.

Bilera horretan hitz egindakoaren berri emanez, alkateak egin duen komunikatuan berriro ere mezu lasaigarriak agertzen dira. Besteak beste, hauek: "ahobatezkotasunik gabe" ez dela egingo Azkaraten plantarik, "Azkarateko planta hori egitea ahalbidetzen duen arauen aldaketa prozedura behin betiko erabakia hartu arte eten" egingo dela eta "arau aldaketa atzera eramatea egingarria" dela. Baikorki baloratzen dugun jarrera da hori, baina horiek guztiak hitz lasaigarriak besterik ez dira. Egin, ez du ezer egin oraindik, eta egia, egiten dena da, ez esaten dena. Beraz, adi eta erne egon beharra dugu herritar guztiok mezu lasaigarri horiek lokartu ez gaitzaten.

Azkoitiko herria Azkaraten plantarik ez duela nahi hain garbi azaltzen ari denean, susmagarriak ere badira alkatearen hitz lasaigarriak; herria desmobilizatzera eta zabortegiarekin ahaztera bideratuta ez ote dauden, alegia. Gero, isil isilean, orain arte jokatu duten bezala, nahi dutena egiteko. Izan ere, beste tokietan gertatutakoaren azterketak ondorio horietara garamatza. Urrutira joan gabe, Zaldibarren antzera ibili ziren. Zabortegirik ez zela egingo hitz ematen zuen bertako alkateak azken unera arte, eta gero, bat-batean, zabortegiarekin aurkitu ziren. Ondorioak guztiok ezagutzen ditugu.

Gauzak horrela, dei egiten diogu herri osoari adi eta erne egon gaitezen, ez gaitezen engainatzen utzi eta jarrai dezagun gure borrokarekin sendo eta tinko, beste Oñeder edo Zaldibar bat ez dugula nahi herrian ozen adieraziz. Horregatik jarraituko dugu osteguneroko lapiko-jotzearekin; inoiz baino indartsuago gainera, arazoak lehenean jarraitzen duela gogoraraziz, ezer ez dela konpondu, hitz lasaigarriak besterik ez direla egon eta ekintzak nahi ditugula oihukatuz. Borroka honi eutsi behar diogu Azkaraten ezer ez dela egingo erabakitzen den arte.

Plataforma honek, bere aldetik, gertutik jarraituko ditu kasu honen inguruan udalak ematen dituen pausu guztiak, eta beste tokietako esperientziak aztertzen jarraituko du. Izan ere, esperientziatik ikasi behar dugu; gertatutakoa, mingarriena izanda ere, ezin baita ezabatu. Kementsu aurre egiten badiogu, berriro errepikatzea saihestuko dugu. Hori da gure helburua.

Azkenik, alkateak emandako hitza hartzen dugu, eta espero dugu alarma-egoera amaitu ondoren martxan jartzekotan den partaidetza dinamikara deituak izango garela. Dena den, gure jarrera argi eta garbi ezagutzen du alkateak: ez dugu nahi inolako plantarik Azkaraten, herriarentzat inolako onurarik ez dakarrelako —guztiz kontrakoa baizik— eta onurak esku pribatu gutxi batzuetan geratuko direlako. Beraz, Azkarateko proiektu osoa bertan behera uzteko eskatzen dugu. Gauza bat izanez hasitakoa, gero beste zerbait izatera pasatzen delako inor ohartu gabe, Zaldibarren gertatu antzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide