Azkarateko hondakin gunea

Eskutitz irekia Azkoitiko alkateari

Erabiltzailearen aurpegia Azkarate Garbi plataforma 2020ko api. 10a, 14:22

Azkarate Garbi plataformak gutun irekia bidali dio Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateari. Hona hemen gutuna:

"Egonezin eta haserre handia sortu du Azkoitian herriko lurretan eta gunetik hurbil, Azkaraten, egitekoa omen den zabortegiak. Aspalditik ari ziren lur-ermua prestatze lanetan, baina herritarrok ez genekien zertarako izan zitekeen apirilaren 7ko egunkariak asaldatu gintuen arte. Itxialdian egon arren, berehala zabaldu zen berri txarra eta uholdeka etorri ziren udalari egindako galderak eta azalpen eskaerak. Herritarron artean iritziak, kasuari buruzko informazio gehigarriak, xehetasunak eta abar partekatu genituen.

Bereziki kezkagarria da, otsailaren 6an Zaldibarren gertatutakoak gizartean eragindako zauria oraindik itxi gabe dagoenean, bi langilek oraindik aurkitu gabe jarraitzen dutenean, Azkoitian antzeko zabortegi bat irekitzeko plana dagoela jakitea. Zabortegia ez dela izango esan eta izen itxurosoak jartzen saiatu arren, garbi dago Azkoitikoak ere Zaldibarkoak zituen baimen legal berdinak izango lituzkeela, beraz, han gertatua berriro gertatzeko arriskupean geundekeela. Gainera, ez dugu ahaztu behar Oñederko zabortegiak sortu zuen kutsadurak hor jarraitzen duela gurekin eta urteetan jarraituko duela. Ez dugu uste azkoitiarrok hori merezi dugunik.

Edozein modutan emanda ere berri txarra izango zen, baina ezkutuan aritu izanak —izan ere, orain jakin dugunez, 2019ko azaroan hasi ziren baimen eskaerak—, larritasuna eransten dio berez larria den arazoari, eta herritarrongan haserrea eta agintarienganako mesfidantza areagotu egin ditu. Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek dute esku bete lan arazo honi irtenbidea aurkitzen. Dagokien lana egin beharko dute herritarron konfidantza ez bada ere, errespetua berreskuratzeko. Baina garbi dago erantzunkizun nagusia agintean dagoen alderdiak duela, EAJ-PNVk alegia.

Hauteskunde garaiak iristen direnean herritarroi bozka eskatzeko orduan, EAJ-PNVk beste gauza batzuk agintzen dizkigu, ez zabortegiak. Esate baterako, duela ez dakit zenbat legealditik ari dira Azkoitia-Zumarraga errepidea zabaldu eta hobetuko dutela agintzen ospitalerako joan etorriak errezteko. Horrelako azpiegiturak dira Azkoitiak falta dituenak eta behar dituenak, baina behin agintera iritsita aginduak ahaztu eta herritarron kalterako izango den zabortegia jartzera dator. Herriaren onerako eta herritarren gehiengoaren zerbitzura egin behar du lan udalak, eta ez gutxi batzuen edo kanpokoen interesetan, zabortegiarekin erakusten duen bezala. Herritarren botoekin herritarren alde jokatu behar dela uste dugu.

Jakin badakigu zaborraren arazoa mundu mailako arazo handietako bat dela, eta Azkoitia ere munduan dagoenez, munduko arazoak zipriztintzen gaituela. Zaborraren arazoaren konponbidea, ordea, zaborra gutxitzetik etorriko da eta ez zabortegiak gehitzetik. Azkaratekoa, batez ere, eraikuntza enpresen zaborrarentzako gunea izango omen da; hainbeste zabor sortzen dute eraikin zaharra bota eta berria egitera mugatzen direlako, lehengo eraikinen berrikuntza alde batera utzita. Eraikuntza politika da aldatu beharrean dagoena: eraikin berri gutxiago eta lehengoen birgaitze gehiago.

Garbi eta ozen azaldu dugu azkoitiarrok haserretuta eta beldurtuta gaudela. Zabortegiak martxan jartzeko udalaren baimena behar duenez, alkate jaunari eskatzen diogu kontuan har ditzala herritarron kezkak eta eman diezaiola bukaera amesgaizto honi, egitasmo hau bertan behera utziz. Benetan axola baldin bazaizu herria, aukera ederra duzu herriaren alde egiteko. Nahi dena egitea, ez da beti posible izaten; nahi ez dena ez egitea, beti da posible".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide