Hogei urte hiltegi zaharra hustu eta bizitzaz bete zutenetik

Erabiltzailearen aurpegia

Ostiral arratsaldea da. Zabalik dago Matadeiko atea; bilera dago gaur. Asteburuko lanak banatu, hurrengo hileko programazioari buruz hitz egin, proposamen berriak komentatu… Lagun giroan egiten dituzte bilerak Matadeixen. Espazioa martxan jarri zutenetik 20 urte pasatu dira, eta badute ospatzeko hamaika arrazoi: bizi-bizirik dago oraintxe bertan Matadeixe, bere 20. urteurrenean.

 

Azkoitiko gaztetxea 1984an sortu zenetik daude entsegu lokalak Matadeiko eraikin zaharrenean, 1861ekoan. Hainbat musika talde hasi ziren bertan. Akauzazteko Joxe Larrañaga Kako-k Matadeixe kulturgune bihurtu zutenekoa kontatu digu: “1993an Azkoitiko eta Azpeitiko gaztetxeak itxi zituzten, egun berean, dekretu bidez. Bertan ibiltzen ginen gazte asko kalean geratu ginen; entseatzeko lokalak baino ez genituen, eta ez geneukan elkartzeko lekurik”. Okupatzeko zenbait saialdiren ondoren, 1996an Matadeiko lokal handia berreskuratzea erabaki zuten.

Urteak ziren Matadeixen hiltegi jarduera amaitu zutela, eta udalak biltegi gisa erabiltzen zuen lokala; edukiontzi zaharrak eta ahaztutako tramankuluak zeuden han, abandonatuta. “Barrura sartzea, txukun jartzea eta lanean hastea erabaki genuen”, azaldu du Kakok. Musika taldeez gain, lokal eske ari zen hainbat artista, pintore, eskultore eta Arte Ederrak ikasten zebilen jendea ere. Dena txukundu, paperak egin eta elkarte kulturala sortu zuten, Matadero Ekintzak izenarekin.

Gunea ez zuten gaztetxe moduan definitu. “Azken finean, zer da gaztetxe bat?”, dio Larrañagak: “Lehenago egon zen gaztetxe bat beste jende batek mugitu zuena. Gu partaide izan ginen, baina nahiko gazteak ginen, beste belaunaldi batekoak. Matadeixen gurea zen zerbait egitea nahi genuen”. Horregatik, gaztetxea hitza erabili beharrean Matadero Ekintzak erabiltzea iruditu zitzaien egokiena, “baina nik ez nuke esango ez zenik gaztetxe bat; azken finean, bazen”.

Hasierako kuadrilla hartara hurbildu zen Maialen Mujika ere, eta oraindik ere Matadeiko asanbladan aritzen da. Txolarte elkartean ezagutu zituen gero Matadeiko lehen kideak izango zirenak, eta gogoan du uda batez jardun zutela inguruak txukuntzen. Gauza pilo bat atera zuten lokal hartatik, eta pixkanaka-pixkanaka beraien gustura jartzen hasi ziren.

Bonba eta Kiriko, Matadeiko lagunak

Hasierako urteetan, Matadeiko kideek bi bizilagun izan zituzten: Bonba eta Kiriko txatarra biltzaileak. Azkoitiko lehen okupak, beharbada. Matadeiko goiko solairuan bizi ziren, txatarra artean, eta koltxoi baten egiten zuten lo. Maialen Mujikak bikote berezi haren oroitzapen onak ditu: “Gurekin esertzen ziren, eta kristoren hizketaldiak izaten genituen”. “Libre” bizi zirela dio Mujikak: “Txatarra jaso, herrian saldu, diru pilo bat hartu, eta mozkortu egiten ziren”. Kiriko hil zenean, Bonba egoitzara eraman zuten udalekoek, errukituta. “Harentzat, egoitza kartzela zen”, gogoratu du Mujikak. “Han, ordutegiak eta jendearen kontrola zeukan, eta Matadeixen, berriz, beti nahi zutena egitera ohituta zeuden Bonba eta Kiriko; erabat libre bizi ziren”.

Gaur egungo Mata

Urteotan jende asko igaro da Matadeitik, eta pertsona horiek izan dira guneari izaera eman diotenak. Gaur egun hamar-hamabi pertsona batzen dira bileretan, eta bi kiderekin izan gara: Maialen Mujikarekin eta Ainhoa Beristain Beris-ekin. Asanbladan “bakoitza mundu batekoa” dela diote, eta horregatik denetarik proposatzen dela bileretan, eta kanpoko proposamenei irekita daudela gainera. Joxek hasierako proiektua mantentzen dela uste du: “Ez da aldatu; aldatzen dena jendea da. Gaur egun, Matadeixe inoiz baino biziago ikusten dut; egitarauari begiratzea besterik ez dago”.

Kontzertuak, antzerki jardunaldiak, Bebarruko Jardunek, zine zikloak… Kontrako Eztarrixe irrati librea ere Matadeixen dago, eta Sostenipe emakume taldeak eta CNTk han egiten dituzte bilerak. Musika lokaletan, gaur egun bost talde ibiltzen dira entseatzen: Akauzazte, 2schock, Slaktuis, Trini Fox eta Black Beauty.

Denetik programatzen dute Matadeixen, eta horri esker jende interesgarri asko ezagutu dutela azaldu dute Maialenek eta Berisek. Hemengoa, eta Euskal Herritik kanpoko jende asko ere bai: Asturias, Galizia, Ingalaterra, Kalifornia, Japonia, Kanada… Dirutzarik ez dute jasotzen ikuskizunaren truke, baina Matako jendeak mimoz tratatzen ditu, emanaldirako leku goxoaz gain lo egiteko aukera eta jatordu bereziak eskainita. Begetarianoa izaten da Matako menua, hiltegia izan zen lekuan animaliarik jango ez zela erabaki baitzuten.

Musika taldeen artean ahoz aho joan da Matako esperientzia. Maialen Mujikak azaldu duenez, taldeek batak besteari gomendatu izan diote bertara joatea. Gau batean bi-hiru talde direnean elkarrekin afaltzea asko eskertzen dutela esan du Mujikak: “Berauen artean kontaktua egiten dute, eta hemendik atera izan dira boloak. Elkar ezagutzen ez zuten taldeek kristoren feelinga lortu, eta hemen jo eta gero ikusten duzu biran dabiltzala Espainiatik, eta horiek Matan ezagutu zuten elkar!”.

Herrira irekita

Herriko talde bat proposamen batekin joaten denean, pozik hartzen dute plana. Aurten, adibidez, Erniarraitzek antolatutako bertso txapelketa izan da han, eta Matadeira inoiz sartu gabeko jendea ere etorri da. “Askorentzat leku urrun bat izan hau, eta etortzea kosta egiten zaio jendeari”, esan du Maialenek. Behin barrura sartuta sorpresa hartzen dutela dio: “Leku polita ikusten dute, sukalde eta guzti, eta harritu egiten dira. Behin barruan, eroso eta gustura sentitzen dira”.

Bizipenak

Matako koloreak argazkietan plasmatu ditu Berisek, urteurrenaren harira egin duten erakusketarako. Izan ere, musika eta argazkilaritza pasioak dira harentzat, eta kontzertuetako argazkiak ateratzen ditu duela hiru urtetik: “Astebururo kontzertuetara etortzen hasi ginen; igual zigun zer zegoen”. Halako batean, asanbladan parte hartzeko proposamena jaso zuen, eta baita argazkiak ateratzekoa ere. Bide Ertzean taldearen kontzertuan atera zituen lehen argazkiak, eta hurrengo ostiralean joan zen lehen bilerara. Esperientzia hasieratik oso positiboa izan dela azaldu du: “Asanbladara etorri eta esku bat botatzeko prest bazaude, jendeak ondo hartuko zaitu, bai edo bai”.

Matadeixen izandako ekintza bereziei buruz hizketan hasi, eta Maialenek duela hamar urte lagun batekin eman zuen sukaldaritza ikastaroa nabarmendu du. Makrobiotikara hurbiltzeko saioak izan ziren: “Oso talde majoa sortu zen: andreak, mutil gazteak… Bakoitza mundu batetik zetorren, Matadeixen bezala”. Gaur egun ere, sukaldean ibiltzen da bere saltsan Maialen, eta antzerki jardunaldietan, adibidez, hori izan du ardura nagusia.

Berisek urteurreneko argazki erakusketa aipatu du. Erakusketa hasieran Matadeixen bertan jarri zuten, eta asanbladako kideek kanpora atera behar zela pentsatu zuten, herriko jendeak ere ikus zitzan argazkiak. Berisek ez zuen halako harrerarik espero. Torre Zurin egon da erakusketa ekainaren 17tik 19ra. Berisek azaldu du beretzat xarma handia dutela Matadeiko txokoek: “Erretratua ateratzeko modukoak dira.”

Matadeixe, arriskuan

Udalak planteatutako proiektu urbanistiko baten itzala izan du urteotan Matadeixek. Eraikina bota eta haren lekuan zubi bat eraikitzea planteatzen zuen proiektu urbanistiko hark. “Bota behar zutela eta bota behar zutela”, hasierako urteetako mehatxu sentsazio hori gogoratu du Joxe Larrañagak. “Gaur egun ere esan daiteke badagoela mehatxu hori, baina proiektu urbanistikoa geldituta dago krisiagatik”. Dena dela, kritikatu du orain arte izan diren udalek ez dutela ezer egin eraikina legeztatzeko. 2004an txosten mardul bat egin zuten asanbladako kideek, proiektua bideragarria zela eta gauza mordoa egiten zela azaltzeko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide