Ostiralean itxiko da Duatloi Herrikoian izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitri Triatloi Kluba 2018ko uzt. 9a, 13:35

Azkoitri Triatloi Klubean urte mordoxka daramagu triatloi eta duatloiak antolatzen. Lehendabizi, 1995etik 2000ra bitartean Zumaia eta Azkoitia batu zituen distantzia olinpikoko triatloia antolatu genuen (1,9/40/10 km). 2000az geroztik, berriz, triatloian federatuentzako duatloiak antolatzen dihardugu.

 

Duatloi federatuak guztira 18 edizio izan ditu, baina azkeneko urteetan duatloiak izan duen beherakadari batuz gero Gipuzkoako Trafikoko Zuzendaritzak jarritako oztopoak eta Euskadiko Triatloi Federazioko lehendakariaren interes falta, 2018. Urte honetan duatloi federatua ez antolatzea erabaki dugu. Horrelako froga bat antolatzeak lan handia dakar, eta horri babes falta eta parte hartzaile kopuru baxua gehitzen badiogu, akabo!

Duela bost urte (2014an) Duatloi Herrikoia antolatzeari ekin genion. Gure helburu nagusia herriko kirol zaleei kirol proba ezberdin batean parte hartzeko aukera ematea zen. Nahiko harrera ona izan du lau urte hauetan. Batez beste 80 parte hartzaile inguru izan dira, eta herriko adin eta kirol maila guztietako emakumezko zein gizonezkoak izan ditugu parte hartzen.

Horiek horrela, uztailaren 14ko arratsaldeko 18:00etan izango da Azkoitiko V. Duatloi Herrikoia. Lehendabizi, herriko kaleetan 2km korrika egin beharko dira, kilometro bateko zirkuituari bi bira emanez. Ondoren, Santa Kutzetik igarota, Munategiko poligonora joan eta etorri bizikletan. Azkenik, korrika kilometro bat hasierako zirkuituari bira bat eginez. Izen ematea Facebookeko orriaren bitartez egin daiteke uztailaren 13ra arte, 7€ ordainduta (www.facebook.com/AzkoitikoDuatloiHerrikoia). Egunean bertan 12€ ordaindu beharko dira. Hala ere, antolatzaileek aurrez izena ematea gomendatzen dute, antolakuntza lanak errazteko. Bestalde, esan beharra dago izen ematean ordainduriko 4€ aseguru etxe baten bitartez lehiakideak, antolatzaileak eta ikusleak aseguratzeko erabiliko direla, beste urteetan baino garrantzi handiagoa emango diogula segurtasunari. Parte hartzaile guztiek, izen ematearekin batera, Azkoitri Triatloi Klubeko galtzerdiak edo kamiseta izango dituzte opari, hainbat jaki eta edarirekin batera. Urtero bezala, kategoria ezberdin bakoitzeko lehendabizikoek garaikurra jasoko dute, eta herriko lehendabiziko emakumezko eta gizonezkoak ere bai.

Amaitzeko, herriko kirol zale guztiak animatu nahi ditugu duatloian parte hartzera. Parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

- 16 urte beteta izatea.

- Mendiko zein errepideko bizikletarekin parte har daiteke.

- Bizikletako kaskoa erabiltzea.

- Ondo pasatzeko GOGOA izatea.

Facebookeko orrialdean igotzen joango gara informazio gehiago, eguna gerturatu ahala. Zalantzaren bat izanez gero, idatzi azkoitikott@gmail.com helbidera edo hots egin 635006399ra.

 

Taldea gaur egun

Une hauetan 22 dira triatloian federatuta gauden Azkoitri Triatloi Klubeko taldekideak. Euskal Herrian, otsailetik apirilera bitartean izaten dira duatloiak, eta, haietako maila altua izaten denez, oso taldekide gutxik hartzen dugu parte. Triatloia gehiago gustatzen zaigu taldeko gehienei. Maiatzean hasten dira triatloiak, eta urrian amaitu; askoz ugariagoak dira duatloiak baino. Espainiako hainbat triatloitan izaten gara taldekideok. Aurten momentuz Getaria, Marbella, Santo Domingo de la Calzada, Hondarribia, Iruña, Logroño, Sevilla, Terres de l’Ebre eta beste hainbat frogatan izan gara. Talde bezala, aipatzekoa Zarautzeko distantzia erdiko triatloian lorturiko laugarren postua, guztira 46 aurkeztuta. Bestalde, bakarkakoan aipatzekoak dira, besteak beste, Andoni Ibarbia “Abitta”k lorturiko 18. postua Zarautzeko Triatloian eta Julen Lopetegi azpeitiar gazteak lorturiko 40. postua (20-24 adin mugan lehendabizikoa). Azkenik, azpimarratu nahi dugu Oihan Otaegik Txinara joan behar izan duela laneko kontuengatik, eta hango hainbat triatloitan emaitza bikainak ari dela lortzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide