Jimena Cardoso (Azkoitian bizi den mexikarra): 'Egia esan, toki honetaz maitemindu egin nintzen'

Erabiltzailearen aurpegia Ane Olariaga 2015ko aza. 12a, 10:27
Argazkian, Jimena Cardoso Azkoitian bizi den mexikarra.

Mexikoko Cuernavaca hiritik etorri zen orain dela bederatzi urte; betiereko udaberriaren hiria deitzen diote, urte osoan loreak baitaude eta eguzkiaren argia eta beroa ez baitira itzaltzen. Hala ere, ez du bere burua Azkoititik kanpora irudikatzen: hemen bere paradisu zatia topatu duela dio.

 

Zer alde on ikusten dizkiozu Azkoitiko herriari?
Nire ustez, ia perfektua den burbuilatxo batean bizi gara. Bakea, segurtasuna eta errespetua ditugu, eta horrek niretzat ez du preziorik, ezin da kuantifikatu: hori da bizi kalitatea. Arkitektura aldetik ere herri zoragarria dela iruditzen zait: oso polita eta erosoa, eta jendea ere atsegina da. Nire bizitzarekiko perspektibak oso sinpleak eta txikiak dira: lana, bizimodu lasaia eta bakea nahi ditut, eta hori hemen lor daiteke. Klima ere gustatzen zait; nahiz eta hasieran kostatu zitzaidan, hemengo klima ulertzea lortu dut, eta euriak ere indarra ematen duela ikusi dut. Egia esan, toki honetaz maitemindu egin nintzen, eta orain ez dut neure burua beste inon ikusten.


Zein dira zure txokorik kuttunenak herrian?
Kafea hartzeko, Plaza Berri gustatzen zait; mendiak eta oinez ibiltzeko dauden pasealeku politak ere oso gustuko ditut, edozein bidezidorrek toki ederren batera eramaten baitzaitu. Egun beroetan elizara sartzea gogoko dut, eta egun hotzetan, berriz, Matadeiko suaren ondoan egotea maite dut. Ezin dut ahaztu AEK ere, bertan egin bainituen nire lehen lagunak.


Zeozer aldatzeko aukera izango bazenu, zer aldatuko zenuke?
Nahiz eta bertako jendea zoragarria izan, herrian pentsaera irekiagoa egotea gustatuko litzaidake, iritzi eta ideia dibertsitate handiagoa egotea. Guztia nahiko homogeneoa dela iruditzen zait; gailentzen den pentsamolde bakarra dago, eta beste guztiak oso txikiak dira, ia ikusezinak. Horrez gain, aurreiritzi gu-txiago egotea nahiko nuke, eta gaur egun munduan gertatzen ari dena ulertzea, jendeak hona emigratzeko duen beharraz konturatzea. Hemengo jendea guztien zuhaitz genealogikoa ezagutzera ohituta dago, eta horrek segurtasun handia ematen du. Horrek ezezagunen aurrean dagoen mesfidantza ulergarriagoa ere egiten du. Nahiz eta hasieran kostatu egin zitzaidan, orain zergatia ulertzera iritsi naizela uste dut. Urteak behar dira pentsamolde hori aldatzeko, baina biho-tzez espero dut egunen batean gertatuko dela.


Zer desberdintasun aurkitzen dituzu Mexikorekin alderatuta?
Mexikon aniztasun askoz handiagoa dago, baina uste dut elkartasunak sustrai sakonagoak dituela hemen. Mexikora elkartasuna orain ari da iristen, erabateko beharra dagoelako; elkar jaten ari gara, gure bizilagunaren beldur izateraino, eta sakon-sakoneko aldaketa bat premiazkoa da. Hemen beti aurkituko duzu laguntzeko prest dagoen jendea; nire jaioterrian hori zailagoa da, jendeak ez baitu oparitzeko ezer, ez denborarik, ez maitasunik. Oso bizimodu zaila dago han, oso desberdina da. Bestalde, uste dut klimak ere eragina duela jendearen izaeran: egun gris asko izateak pertsonak pixka bat itzaltzen dituela iruditzen zait. Han txiste asko egiten ditugu gure arazoei buruz, eta hemen gehiago hitz egiten da seriotasunez, eta barre gutxiago egiten dela iruditzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide