Jait Wana: ‘Ohitura desberdinak izan arren, oso ondo moldatzen naiz nire lagunekin’

Erabiltzailearen aurpegia Ane Olariaga 2015ko abu. 13a, 11:35

Jait Wana duela urte bete eta hiru hilabete etorri zen Azkoitira Aljeriako errefuxiatu-kanpamentu batetik. Boluntario bezala egiten du lan Caritasen, behar dutenei janaria banatzen.

 

Nongoa zara jaiotzez eta zenbat denborarako etorri zara Azkoitira?

Ni sahararra naiz baina Aljerian dauden Tindufeko errefuxiatu-kanpamentuan bizi nintzen. Urte bete eta hiru hilabete daramatzat Azkoitian. Oraingoz hemen gelditzea pentsatzen dut, nire bizitza ez dut Saharan irudikatzen.

Zenbat urterekin utzi zenuen zure lurraldea? Zergatik?

23 urte nituela utzi nuen Sahara, bertako egoera ez delako batere egonkorra. Bizi kalitatea lortzea ia ezinezkoa da. Bizitzera etorri baino lehen ere zapaldu nuen Espainiar estatua, 2000. urtean lehenbiziko aldiz, hamar urte nituela. Bartzelonan igaro nituen hiru udara, haur sahararrei zuzendutako programa baten bidez. Valentzian ere igaro nuen uda bat eta Extremaduran ere bai beste bi. Guztira sei udara pasa ditut Espainian. Oso esperientzia aberatsak izan ziren eta oraindik ere harreman polita daukat jaso ninduten familiekin.  Adina zela eta programa horietan parte hartzeko aukera galdu nuenean, hona etortzeko tramiteak hasi nituen.

Norekin etorri zinen, eta norekin bizi zara?

Bakarrik etorri nintzen, baina hemen aita nuen zain.  Lehendabizi Sevillan bizi izan ginen, lau hilabetez. Baina gero lehengusu asko Euskal Herrian genituenez, hona etortzea pentsatu genuen. Orain, aita eta ahizparekin bizi naiz.

Erraza izan al zen zure bizitokitik hona etortzeko erabakia hartzea?

Egia esan bai, erraza izan zen. Nahiko garbi nuen Saharatik alde egin nahi nuela. Gainera udara asko pasatu nituen hemendik hurbil eta ezagutzen nuen nora nentorren. Horrek erabakia arinago izaten lagundu zidan zalantzarik gabe. 

Lagun asko al dituzu hemen? Azkoitiarrak al dira?

Bai, lagun asko ditut, gehienbat eskolan ezagututakoak dira, eta lanean ere bai. Boluntario bezala egiten dut lan, Caritasen, behar dutenei janaria banatzen. Orokorrean oso pozik nago ditudan lagunekin, ohitura desberdinak izan arren oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Goizeko 9etatik eguerdiko 12ak arte egiten dugu lan, gehien behar dutenei janaria banatzen diegu. Gustura nago lagun berriak egin ditudalako eta egiten dudan lana beharrezkoa dela pentsatzen dudalako.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten? Pozik bizi al zara herrian?

Bai, oso gustura nago Azkoitian. Jakina, ama, anaia eta beste ahizpa bat ditut Saharan, eta beraiekin egoteko gogo handia dut. Baina orokorrean oso gustura nago; gainera, badakit aukera izan bezain laster beraiek bisitatzera joango naizela.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide