Imanol Aleson: "Aurtengo Ehunmilak izan da hiruretan bereziena"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien Soraluze 2015ko aza. 18a, 09:00

Etxean zein etxetik urrun aritzen da lasterka Imanol Aleson, baina zapaltzen dituen lur guztietan moldatzen da ondo. Hori da kirolari batek duen maila neurtzeko giltzarri nagusia. Aurten zortzi lasterketa egin ditu; azkena irailaren 13an hasi zuen Italian, Geantseko Torra egiteko. 330 km-ko proba burutu berri du bertan, eta zapore gazi-gozoarekin itzuli da etxera, helmugarako kilometro gutxiren faltan lasterketa bertan behera gelditu baitzen, antolakuntzak hala erabakita.

 

Italiatik iritsi berria zara, Geantseko Torra egin ondoren. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia oso positiboa izan da. Antolakuntza aldetik erraldoia da lasterketa. Munduko lasterkaririk handienek hartzen dute parte bertan, eta prestaketa benetan handia da. Asko gozatu dut bertan.
Helmugara iritsi zirenak sei izan ziren, baina antolakuntzak lasterketa bertan behera uztea erabaki zuen.

Nola hartu zenuen erabakia?

Erabakiak lo harrapatu ninduen. 16. postuan nindoan, eta, hasteko, lasterketa neutralizatu egin zuten, eguraldiaren joera benetan kaskarra baitzen, eta gero behin betiko erabakia hartu zuten. Lo nengoela etorri zitzaizkidan esanez lasterketa bertan behera gelditu zela. Hartzeko erabaki zaila zen, baina eguraldiaren joerak zeresan handia izan zuen. Ondoren irten zen eguraldia irtengo zela jakin izan balute, bestelako zerbait erabakiko zuten.


Denetatik gertatu zaizula entzun dugu. Orkatila bihurritu zenuen, ordulari digitala hondatu zitzaizun…
Bai, 30. kilometroan nindoala, orkatila bihurritu nuen, eta handituta ibili nintzen. Azkoititik hiru laguntzailerekin joan naiz, Manu masajista horietako bat, eta hark masajeak eman eta zintak jarri zizkidan. Ez nuen gehiegi sentitu, egia esan. Ordularia, berriz, eguraldiagatik hondatu zen. Euria egiten zuen, hotza ere bai… Uste dut euria sartu zitzaiola. Orduan anaiaren ordularia hartu nuen, baina bereari ere gauza bera gertatu zitzaion. Azkenean ordulari orratzdun batekin amaitu nuen proba.


Berriz itzultzeko asmoarekin etorri zara?
Ez dakit, egia esan. Nire denboraldia uztailean amaitzen da, eta aurten Geantseko Torra egin ahal izateko abuztuan ere gogor lan egin behar izan dut. Portugalen pasatu ditut hiru aste, egunero entrenatuz. Ederra izaten da etxekoekin oporretara joatea ere, eta Geantsera itzuliko banintz, berriz ere abuztu osoan prestaketa lanetan jardun beharko nuke, eta horregatik ez naiz ausar-tzen bai edo ez esatera. Denboraldiaren araberakoa izango da erabakia.


Ehunmilak probak sei edizio izan ditu, eta zuk hiru irabaztea lortu duzu.
Irabazi baino gehiago, ‘lehena iritsi’ esatea gustatzen zait. Mendi lasterketetan denok lagunak gara. Lehia badagoen arren, ez dut ‘irabazi’ hitza erabiltzen, bakoitza bere denbora egitera joaten baita. Ni 24 orduren bueltan ibiltzen naiz proba hori amaitzeko, baina iritsiko da ordua, hemendik urte batzuetara, Ehunmilak bukatzeko 22 ordu nahikoa izango direna eta nire denborekin bost onenen barruan sartzerik ere izango ez dena. Kirol denetan gertatzen ari den bezala, mendi lasterketetarako ere jendea gero eta prestatuagoa dago.


Hiru garaipenetatik zein izan da bereziena?
Lehenengo ediziokoa, 2010ekoa, berezia izan zen, lehenengo aldiak denean izaten baitira berezi. Gogorrena, berriz, 2013koa izan zen, ordukoan Javi Dominguezekin lehia estua izan bainuen. Aurtengo Ehunmilak izan da hiruretan bereziena. Gehien gozatu dudana aurtengoa izan da, eguraldi aldetik inoizko ederrena izan baita.


Beste hamaika probatan parte hartu izan duzu. Zein duzu gustukoena edo behintzat ondoen moldatzen zarena?
Niri ez zait urtero lasterketak errepikatzea gustatzen; zerbait desberdina bilatzen saiatzen naiz. Orain, Interneten laguntzaz, egiten diren proba gehientsuenak nolakoak izango diren ikusteko aukera egoten da, eta begira jarduten dut. Nire mailarik altuena Ehunmilak proba inguruan izaten dut, eta horretarako prestatzeko lasterketa egokienak aukeratzen ditut.


Aurtengoa eta etorriko dena albo batera utzita, noiz eta nola hasi zinen mendi lasterketetan?
Oker ez banago, 1997an hasi nintzen mendi lasterketetan. Lehenengo futbola probatu nuen, gero triatloia, baina uretan ez nintzen eroso sentitzen, eta azkenean mendian bukatu dut. Lehenengo lasterketetako bat Kanariar Uharteetan egin nuen, oporrak aprobetxatuz. Mundu osoko jendea joan zen hara, eta seigarren bukatu nuen proba; harrituta gelditu nintzen. Hura egin eta gero, 2010ean, Ehunmilak proban ere lehenengo iritsi nintzen helmugara, eta horrela gaur arte.


Bidelagun bat ere baduzu, Haglofs babeslea. Zertan laguntzen du mendi lasterketetan babeslea izateak?
Mendi lasterketetatik ez dago irabazirik, ez baikara profesionalak. Dena zaletasunagatik egiten dugu, baina babesle bat izateak asko laguntzen du. Alde batetik, mendiak arropa eta material berezia eskatzen du, eta hori behintzat babeslearen eskutik jasotzen dugu. Gainera, lasterketa gehienetan euro bat ordaindu behar izaten da kilometro bakoitzeko, eta gastua handia izaten da. Horretan laguntzen duten bitartean, ondo.

 

Maxixatuiez:

Menu bat?
Arroz integrala barazkiekin.


Mendi bat?
Izarraitz.


Ibilbide luze baterako lagunik onena?
Ura.


Azkoitiko txoko bat?
Plaza Berri.


Denbora librean zer?
Mendira joan.


Igotzea ala jaistea nahiago?
Igotzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide