Alex Juaristi: 'Taldea gogoz dago txapelketa on bat egin eta herriari poz bat emateko'

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien Soraluze 2015ko mai. 29a, 18:26
Argazkian: Alex Juaristi Azkoitiko pilotaria.

Azkoitia Herriarteko Txapelketan errege da. Hamasei aldiz jantzi du txapela herriak eta pasa den astean ekin zion hamazazpigarrena lortzeko bideari. Zailtasunak zailtasun, Bidaniatik aldeko emaitzarekin itzuli ziren bat eta bi irabazita, eta gaur etxean irabaziko balu final laurdenetarako pausoa emango luke.

 

Kadeteetan eta afizionatuetan lortutako garaipenekin aurretik jarri zen Azkoitia. Alex Juaristi afizionatu mailan jokatzen duen pilotariak, gaurko partidaren eta txapelketaren analisia egin du.

Gaur jokatuko duzue herrian Bidaniaren aurka... Kanpoan irabazita etxean irabazteko moduko partida al da?

Bidanian emaitza ona lortu genuen bi eta bat irabaziz, eta etxean ere pasa den ostiralean egindako lana errepikatzera irtengo gara kantxara. Pasa den astean jokatu nuen, baina gaur harmailetatik taldea animatzea egokitu zait.

Eta hori zer dela eta?

Nagusien bikotean txandaka aritzeko asmoa dago. Beraz, kanporaketa gaindituz gero, hurrengo asteburuan izango dut berriro jokatzeko aukera.

Zer moduzko taldea osatu da aurten?

Talde polita dago, kadeteen, jubenilen eta afizionatuen mailan bikote orekatuak daude, elkarrekin ondo moldatzen direnak. Kadeteak maila altukoak dira, indartsu datoz eta txapelketa ona egingo dutelakoan nago. Jubeniletako bikotea “belar motzean” hazitakoa da, gogorra eta aurkariei zailtasunak jarriko dizkiena. Afizionatuetan berriz, edozer espero behar guregatik. Txapelketari hasiera ona eman genion eta bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Noraino iristeko gai ikusten duzu taldea?

Partidaz partida joan behar da, kanporaketaz kanporaketa eta oraindik Bidania kanporatu beharra dago. Askotan hobe izaten da ahoa gehiegi ez irekitzea eta esan beharrekoak kantxan esatea, baina taldea gogoz dago txapelketa on bat egin eta herriari poz bat emateko, azken urte hauetan ez baitu horrelakorik jaso.

Herriei begira hasiz gero, nor izan daiteke Azkoitiari zailtasun gehien jar diezaiokeena?

Ez dut uste beste taldeei begira hasita ezer lortuko dugunik. Guk gureari begiratu behar diogu eta egokitzen den taldea garaitzen ahalegindu. Herri guztiek izaten dute maila ona, baina Oiartzun edo Hernani bezalako taldeak beti izan dira arriskutsuak eta aurten ere zeresana emango dutela iruditzen zait.

Azkoitian ezaguna da oso Herriarteko Txapelketa. Jende asko joaten da ostiral gauetan pilotalekura.

Azkoitik Herriarteko asko ditu eta herriak asko jarraitzen duen txapelketa bat da. Ostiraletan Gurea beteta ikustea beti da pozgarria eta are gehiago herriko mutilak animatzeko baldin bada. Asko eskertzen da eta indarra eta gogoa ematen du lanean jarraitzeko.

Hamasei aldiz gelditu da Azkoitia txapeldun. Aurten ikusiko al dugu hamazazpigarrena?

Hitz potoloak dira horiek, baina behin txapelketan hasten garenean asmo horrekin irteten gara kantxara. Orain urte batzuk jokatutako finalaurreko batean, Gurean 3-0 irabazi genion Donostiari eta Atano IIIean emaitza berdinarekin galdu genuen. Partida denak estu joan ziren, bat irabazi beharra genuen, baina ez zen horrela izan. Nik jokatu nuen partida esaterako 21ean galdu genuen eta orduko arantza hura ateratzeko gogoz nago.

Pilotari bezala, zergatik erakartzen zaitu Herriarteko Txapelketak?

Jende asko mugitzen duen txapelketa da, pilotalekuak zalez beteta egoten dira eta horrek beti erakartzen du pilotaria. Gainera ez dago zure partida bakarrik jokoan, taldeko beste kideen partidak ere ilusio eta tentsio handiarekin jarraitzen ditugu. Talde giro ederra sortzen da eta horrek ere egiten du berezi. Ez da partida arrunt bat bezala, herrien artean sortzen den “pike sanoa” ere gustoko dut. Hori bai, partiden ondoren bi herrien artean egiten den afaria ez dadila falta!

Gaur eta ostiraletan herritarrak Gureara animatzera joateko, zer esango zenieke?

Ez dira garai ederrak bizitzen ari garenak, krisia dela eta ez dela, baina ahal den heinean harmailak bete eta herritarrak animatzera etortzeko, herriaren alde egiteko beste modu bat baita pilota ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide