Haize freskoaren beharra, etorkizuna bermatzeko

Erabiltzailearen aurpegia

Urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Komunitatien Leixue' artikulua:

Anaitasuna Mendi Bazkunaren hasierako orria aurki-tzeko 1926. urte ingurura egin behar da jauzi. Azkoitiarrek bazuten mendiarekiko grina, baina ez zuten talde moduan funtzionatzen. Taldea 1949. urte inguruan sortu zen, Anaitasuna futbol taldearen barruan. Frankismoan, mendigoizaleak ideologia ezkertiarrarekin lotzen ziren, eta horiekiko jazarpena handia izan zen. Baimena eskatuta, futbol taldearen barruan sortu zuten taldea, eta horregatik du Anaitasuna izena.

Egun, taldearen egoera oso bestelakoa da; sei lagunek osatutako batzorde batek zuzentzen du mendi bazkuna, eta hainbat adar kudeatzen dituzte horiek: eskalada, mendiko eskia eta bizikleta. Eskalada eta eski irteerak, mendi irteerak eta Mangaixue proba antolatzen dituzte arduradunek, eta Zazpi Kurutze mendi martxa ere Anaitasuna barruko talde batek antolatzen du; Kakuteko eguna, berriz, batzordeak. Umeen irteerak ere prestatu izan baditu ere, egun ikastetxeetako guraso elkarteen eskumena da. Haurrekin lotuta, Finalistaren Eguna antolatu dute aurten bazkunakoek. Gipuzkoa osoko 800 mendizale inguruk parte hartu zuten han. Pirinioetarako irteerak ere antolatu izan ohi dituzte, baina orain ez dute egiten.

Egun, berriz, 2020ko Mendi Astea prestatzen dihardu batzordeak. Inolaz ere, erantzun ona duten ekintzak antolatu ditu mendi bazkunak. Egun, 584 lagunek osatzen dute mendi bazkuna, eta hori zenbaki ona da hango kideentzat. Federatutako zein federatu gabeko herritarrak daude klubean, baina guztiak dira bazkide.

Adierazi dutenez, egun egoera ekonomiko onean dago Anaitasuna mendi bazkuna. Udalak emandako dirulaguntzetatik eta bazkideen kuotetatik finantzatzen da taldea. Dena den, Zazpi Kurutze mendi martxan eta Kakuteko egunean galerak izaten dituztela adierazi dute. Kideen arabera, ordea, horiek ez dira dirua lortzeko egunak izaten, mendizaletasuna sustatzekoak baizik. Horrez gain, gogorarazi dute mendi bazkunaren lokaletik mendi irteerak egiteko behar den materiala har daitekeela, beti ere 20 euroko depositua eginda.

Etorkizunari begira

Mendi bazkunaren helburua bat eta bakarra da: herrian mendizaletasuna bizirik eta piztuta mantentzea. Etorkizunari begira daude, ordea. Mendizaleak izanda, kluba herrian eta martxan ikusi nahi dute. Sumatzen dute mendi maratoiek hartu duten sonari esker asko sustatu dela mendizaletasuna, baina arazoa boluntarioen gabezia dagoela diote. Batzordea, halaber, errelebo bila dabil. Ideia berriak eta lanerako gogoa duen jendea nahi du mendi bazkunak; laburbilduz, haize freskoa behar du. Etorkizuna beltza ikusten dute, mendi bazkunaren alde lan egingo duen jendea falta dela ikusten baitute. Duela urte batzuk, bilera handi bat egin zuen mendi bazkunak bere etorkizunari eta antolakuntzari buruz hitz egiteko. Bazkunaren batzordea txandakakoa izatea proposatze hutsak, gainera, mahai gainean jarri zuen mendi bazkunaren ibilbidea amaitzea. Egungo panorama berriz ere lehengora itzultzen ari denaren zantzua hartuta daude Anaitasuna Mendi Bazkunan, eta ez dute hori bizi nahi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide