Anaitasuna Mendi Bazkuna

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna mendi bazkuna 2018ko api. 22a, 09:55

Badira urte batzuk Anaitasuna Mendi Bazkunak norabidea aldatu zuenetik! Enbor nagusiaren gain ezarri beharrean pisu guztia, adarrak elikatzea bururatu zitzaigun. Hortaz, organigrama beste era batera antolatzea erabaki genuen: batzorde nagusia kudeaketaz, Kakute Egunaz eta adarren koordinazioaz arduratzen da; mendi bizikleta taldeak bizikleta irteerak egitea du lana.

 

Aintzat hartzekoa, jakina, Mangaixue BTT bizikleta martxak hartu duen indarra: 215 lagun inguru batu zituzten gure bazterretan zehar lokatzaz eta ibilaldiaz gozatzeko! Bejondeizuela! III. edizioa irailaren 15ean egingo dute. Zazpi Kurutze taldea, berriz, bi urtean behin antolatzen den Zazpi Kurutze ibilaldia egiteaz arduratzen da: ez ahaztu, bide batez, Ingurunerako Errespetua saria jaso zuela Zirkuitua 2016ko martxa luzeen arloan. Eta gogoan izan aurten izango dela ibilaldi gogorra, ekainaren 10ean. Eskalada taldeak, bestalde, umeentzako eskalada irteera antolatzen du.

Umeen ibilaldiak taldeak egutegi oparoa prestatzen du urtean, umeek eta gurasoek inguruko mendiak ezagutu eta egin ditzaten: aurten, esate baterako, 7 bat irteera egiteko asmoa dute, alajaina! Mendian Antxintxike taldeak ere alea jartzen du, Izarraitz mendi lasterketa antolatuta, Izerpin gaueko proba ere eginda (duela bi urte, zein ederra eta ikusgarria!). Pirinioetara mendi irteera egiten duen taldea ere bada, fin-fin mendi ederretara kukutxoa egiten duena, bereziki uda partean. Mendi eski taldeak ere egin du bultzada azken urteotan: Pirinioetara asteburuko irteerak egiteaz gain (urtean hiruzpalau egiten dituzte, eta, aurten ere, martxoaren 18-19an Tena bailarara, apirilaren 21-22an Aran bailarara...), eskiatzaileak janzteko eta zailtzeko ikastaroak antolatu dituzte; adibidez, elur mota guztiak jaisteko tekniken ikastaroa (Gipuzkoako Mendi Federazioko gidariekin), “Elur jausien guneetan segurtasuna I” ikastaro teoriko-praktikoa (ACNA-Asociación para el Conocimiento de la Nieve y los Aludes elkarte katalanarekin).

Horien harira, otsail bukaeran egin dugu elur mota guztiak jaisteko tekniken ikastaroa bigarren aldiz! Ikus-entzunezkoak eta mendia uztartzen saiatzen da Mendi Astea antolatzen duen taldea. Otsail hasieran izan genuen azkena: inguruko gazteen ametsak nolakoak diren eta betetzen nola saiatzen diren… 5ean, Fidel Mendia nafarrak Pirinioetako mendietan egindako jaitsiera estetikoak erakutsi zizkigun; 6an, Ander Txakartegi berriatuarrak Mongolia Bike Challenge-n nolako esperientzia izan zuen erakutsi zigun, baita Helmugak proiektu solidarioa zertan datzan azaldu ere; 7an, azkenik, hegan egin genuen hainbat lagunekin, Iosu Juaristi elgoibartarrarekin, Ander Lasa azpeitiarrarekin eta Aritz Oruesagasti eta Iñigo Berasategi azkoitiarrekin… A ze inbidia! Zoritxarrez, ez da jende askorik azaldu horiek ikustera. Ea hurrengoan lortzen dugun!

Hortaz, bidea egiten ari gara eta ez da gutxi! Eta Mendi Astearen harira aipatutakoak ditugu erronka nagusi: denon amets txikiak bete, adiskidetasun sanoz jantzita eta belarritik belarrirainoko barrea lagun... Katebegiak osatu, gainera, aurrera egiten jarrai dezagun. Hori lortzen laguntzeko badugu materiala eskuragarri bazkideentzat, kranpoi, piolet, kasko, erraketa, GPS… Ez galdu aukera!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide