Iraganari azterketa eginda, etorkizunerako asmoak azaldu ditu Zuzendaritzak batzarrean

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2019ko eka. 28a, 10:06
Batzarra, Elkargunean. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Herenegun, asteazkena, Anaitasunaren Ohiko Batzar Nagusia egin zen, Elkargunean. Eguneko puntu nagusiak, honako hauek izan ziren: 2018-19 denboraldia gainbegiratzea, 2018-19 denboraldirako Zuzendaritzak zituen helburuen jarraipena egitea eta datorren denboraldia aurkeztea. Zuzendaritzaren mahaian eseri dira Pedro Urdapilleta presidentea, Borja Maruri arlo ekonomikoaren zuzendaria, Josu Juaristi eta Joxepe Santizo mutilen kirol zuzendariak eta Ibon Orbea nesken kirol zuzendaria.

2018-19 denboraldiri gainbegiratua

Antolakuntza arloa azalduz hasi zuen Urdapilleta presidenteak asteazkeneko batzarra. Sare sozialetan jarraitzaileek gora egiten jarraitzen dutela azaldu du lehenik Urdapilletak. 800 jarraitzaile dira Facebooken, 1.800 baino gehiago Twiterren eta ia 1.700 Instagramen. Bestalde, instalakuntzetan aurten ere hainbat hobekuntza egin dira, baina beste hobekuntza batzuk egitea beharrezkoa izango dela gaineratu zuen.

Ondoren, Borja Maruri diruzainak ekonomiaren arloa azaldu zuen. 252.118 euroko diru sarrerak izan ditu Anaitasunak. Bazkide, guraso, errifen eta gainerakoen bitartez, 139.567 euro sartu dira klubera. Laguntzaileen eta Real Sociedaden bitartez 27.564 euro, eta Gipuzkoako Federaziotik, Udaletik eta Aldunditik 84.987 euro jaso zituen klubak. 251.633 euroko irteerak izan dira. Kirol beharretarako erosketetan 32.045 euro erabili ditu Anaitasunak, kanpo zerbitzuetan 111.354 euro eta pertsonalean 108.234 euro.

Azkenik, Ibon Orbeak, Josu Juaristik eta Joxepe Santizok kirol arduradunek talde bakoitzaren nondik norakoak azaldu zituzten. Orbea nesken arduradunak hizpide izan zituen Euskal Ligako, Kadete Nesken igoera, Infantil neskak eta Futbol Eskolako alebin nesken ikaste prozesua. Josu Juaristi jubenil mailatik lehen taldera bitarteko kirol arduradunak bost talderen gainbegiratua egin zuen. Joxepe Santizok haur eta alebin arduradunak, berriz, aipagai izan zituen, Kadete mailako taldeak, Ohorezko Infantilak, Infantil Txikiak eta alebinak.

Denboraldi berrirako helburuak

Datorren denboraldira begira jarrita dago orain zuzendaritza. Futbol Eskolaz gain, 15 edo 16 talde izango ditu klubak 2019-20 denboraldian. Azken denboraldian 15 talde izan ditu Anaitasunak Futbol Eskolaz gain. Beraz, talde bat gehiago izatea posible da. Guztira 400 herritar inguruk jokatuko dute Anaitasunaren elastiko gorrixekin, datorren urtean. Orain arte bezala, talde bakoitzak babesle bana izatea da asmoa eta lan hori ixtear da kluba.

Gainerako helburuen artean, asmoa da orain arteko egoera ekonomikoa kontrolatzea eta instalakuntzak hobetzen jarraitzea. Klubaren lehentasunetako bat da egun duen leku arazoari irtenbidea ematea, eta horretarako urratsak ematen ari dela jakinarazi zuten Zuzendaritzako kideek Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide