Nesken denboraldia txalotzeko partida

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2019ko api. 24a, 18:28
Txerloiako harmailak.

Datorren igandean, apirilak 28, 2018/19 denboraldiari dagokion etxeko azken partida jokatuko dute Anaitasunako Euskal Ligako neskek, Txerloian.

Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Leioako Emakumeak, sailkapeneko hirugarren taldea hartuko du datorren igandean, apirilak 28. Txerloian 17:00etan jokatuko dute sasoi honetako etxeko azken neurketa. 28 urteren ondoren, Euskal Ligarako igoera lortu zuten neskek iaz, Eibar menderatu eta gero; azkenekoz 1990ean jokatu zuen Anaitasunako nesken taldeak Euskal Ligan.

Igoera lortuta txapelketari neurria hartzea asko kostatu zitzaien hasieran neskei. Bederatzi partida galdu zituzten lehen itzulian, baina bigarren itzuli ona egin dute. Denboraldiaren bigarren zatian jokatutako hamahiru neurketetatik zazpi irabazi dituzte neskek. Berdinketa bat eta bost porrot dira gainerako emaitzak. Batutako puntu horiei esker, bigarren itzuliko zazpigarren talde onena da Anaitasuna, lehen sei sailkatuen ondoren. Sailkapenean 10. postuan dira une honetan neskak.

Argazkia 'gorrixekin'

Datorren igandean, argazkia 'gorrixekin' ekimena itzuliko da Txerloira, oraingoan nesken eskutik. Neskek egin duten denboraldia txalotzeko eta datorren urtean Euskal Ligan jarraituko dutela ospatzeko partida izatea nahi du klubak Leioako Emakumeak taldearen aurkakoa. Hori horrela, jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango da neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago. Argazkia atera nahi dutenek 16:40ean Txerloiako sarrerara hurbildu beharko dute. Argazkian parte hartzen duten 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek opariak —pinak, bufandak...— jasoko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide