21. Korrika

Korrika Txikia Txerloian, 21. Korrikari babesa emateko

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2019ko mar. 20a, 09:19

Anaitasunak bere babesa eman nahi dio aurten ere Korrikari. Harago joanez, Korrikaren aldeko eguna ospatuko dugu Txerloian martxoaren 24an, igandea, mutilek Deusto Donostia taldearen aurka jokatuko duten partidan.

Martxoaren 24an, igandea, Ohorezko Mailako mutilen taldeak Txerloian Deusto Donostia taldearen aurka jokatuko du neurketa, 17:00etan. Egun horretan errifen bitartez jasotako diru guztia dohaintzan emango dio Anaitasunak Azkoitiko Korrika Batzordeari. Horregatik guztiagatik, Anaitasunak dei egiten die herritar guztiei partida egun horretan Txerloira joateko. Iaz Marea Urdina ekimenaren aldeko partida egin zuen Anaitasunak eta errifen bitartez jasotako 800 euro dohaintzan eman zizkion Marea Urdinari. Bide batez, mutilei lehen postuagatik borrokan jarraitzeko indarra emateko aukera izango da hurrengo igandean.

Deusto Donostiaren aurkako partidan, Txerloian Korrika txikia egingo dugu atsedenaldian eta zelaira bertaratutako edonork izango du parte hartzeko aukera. Zelaian zehar lekukoaren atzetik itzulia emanda, lekuko barruko mezua irakurriko dute amaieran harmailan batutako zaleen aurrean. Azkoititik apirilaren 12an, ostirala, pasatuko da 21. Korrika, 09:00etan. Korrika Kulturalaren baitan antolatutako ekimen honekin, Anaitasunak motorrak berotzen lagunduko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide