"Ezin dugu kobazuloetara itzuli"

Erabiltzailearen aurpegia

Aitor Arrutik eta Koldo Camposek honako ekarpen hau egin dute Amamaren kutxan.

Handinahiak eta irabazi-goseak proiektu berri liluragarriren bat espekulatu duen bakoitzean, abiadura handiko trenak edo alferrikako metro urperagarriak eraikiz; komisio milioidunen ostean itsasoan prospekzio kaltegabeak onartzen dituzten bakoitzean edo hondakin nuklearrak seguru biltegiratzeko lizentziak ematen dituzten aldi oro, beti ageri da politikari eta solaskide multzo bat, aurrerapen garatuaren kostua norbaitek ulertu ez baldin badu ere, behin eta berriz esanez: "Ezin dugu kobazuloetara itzuli".

Nola ba! Norbaitek nahi al du ba kobazuloetara itzuli? Askoz ere gozoago bizi gaitezke zubi baten azpian, banketxe bateko kutxazainean, parke bateko eserlekuan edo kobazulo-atarian lo eginez. Zertan ibili hartz-larruarekin, egurats zitaletik babestu nahian, kalean era guztietako kartoiak izanda? Nolatan irtengo gara ba ehizara, basora, oihanera, kobazulotik urrun, kalean bertan supermerkatuetako edukiontzietan elikagaiak bilatzeko aukera izanda? Ezin gara kobazuloetara itzuli. Hormetan bisonteak margotzen emango genuke eguna, kale ertzetan turisten erretratuak marraztu beharrean.

Mundu osoan milioika lagun kobazuloetatik irten dira, ez dira sekula itzuliko, eta bizia gozatzen ari dira Alepon eta Adenen, hondakin eta zakar artean, Katangako meategietan, Jartumeko kartzeletan, Ciudad Juarezko hilerrietan, Cap Haïtieneko zabortegietan, Mediterraneo hondoan, Madrilgo Cañada Realen.
Ez, ez gara kobazuloetara itzuliko, kobazuloak ere helmuga bat baitira, eta gu ez goaz inora.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide