Gitarrak joa

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2020ko uzt. 24a, 17:25

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpen berria: Gitarrak joa.

Neskatoaren eta gitarraren arteko harremana, takatekoa gehiago izan zen elkar topatzea baino. Etxera bidean, arratsaldea arrats bihurtzen den unean, Haizea eta haren gitarra lo zeuden auto atzeko eserlekuan.

Bihurgune batean, itsumustuan gitarra lekuz aldatu zen zakar, larako ertzarekin Haizea bekainean joz. Puntu bat irabazi zuen Haizeak, hilabeteko ahaztura gitarrak.

Esnaera takarrarekin, Haizea negar batean hasi zen. Ahizpari zer gertatzen zitzaion begiratzeko eskatu zion amak bi urte zaharragoko Itxasori. Itxasok bizkor egin zion kronika: "Gitarra erori egin da, eta begian jo du. Odola dauka".

Orduan, ama gelditzeko leku bila hasi zen artega, Haizeak odola omen zeukala jakin zuen istant berean. Di-da batean mugikorra atera, tanta gorri bat masailetik kokotsera bidean ikusi, eta, bat-batean, norbaitek agindu balio bezala, negar egiteari utzi zion. Ez negar-zotinik, ez kexarik, ez ezer. Intziri apal bat ere ez. Begiari selfie bat egin, aurpegiari beste bat, eta orduan bai, mainaka ekin zion berriro, hasi berritan bezalaxe.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide