Argi izpi batzuk ilunpetan

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2020ko mai. 15a, 08:27

Ez dugu asmorik inor txinatarra balitz bezala engainatzeko, Amamaren Kutxan ez dugu ipuin txinatarrik kontatzen; tortura txinatar hutsa izango litzateke.

Eta ez dugu sarrera hau gehiago luzatuko, ez baikara txinatarrak adina lan egiten hasiko. Europarron aurreiritziak aintzat hartuta Eduardo Galeanok Txinari buruz idatzi zuen kontakizun ederra aurkeztea da kontua.

Haurtzaro urrunean jakin nuen
Txina Uruguairen beste aldeko puntan zegoen herrialde bat zela,
eta putzu sakon-sakona zulatzeko pazientzia izanez gero irits zitekeela hara.

Gero, historia unibertsal pixka bat ikasi nuen, baina historia unibertsala Europako historia zen, eta hala da oraindik ere. Gainerako mundua ilunpetan zegoen, eta hala dirau.

Ilunpean dago Txina ere. Gutxi dakigu edo ezer ez ia dena asmatu zuen nazio baten iraganaz.

Zeta han jaio zen, duela bost mila urte.

Beste inork baino lehen, tea aurkitu, izendatu eta landu zuten txinatarrek.

Aurrenak izan ziren putzu sakonetatik gatza ateratzen, sukaldeetan nahiz lanparetan gasa eta petrolioa erabiltzen.

Egitura arineko golde burdinazkoak eratu zituzten, orobat makinak ereiteko, txirikordatzeko eta uzta biltzeko, ingelesek nekazaritza mekanizatu baino bi mila urte lehenago.

Iparrorratza asmatu zuten, itsasontzi europarrek erabiltzen hasi baino mila eta ehun urte lehenago.

Ur errotek burdin eta altzairu labeei energia eragin ziezaieketela otu zitzaien, alemaniarrei baino mila urte lehenago.

Papera asmatu zuten, duela mila eta bederatziehun urte.

Gutenbergek baino sei mende lehenago inprimatu zituzten liburuak, eta hark baino bi mende lehenago metalezko tipo mugikorrak erabili zituzten inprimatzeko.

Orain dela mila eta berrehun urte bolbora asmatu zuten, mende bat geroago kanoia.

Duela bederatziehun urte, zeta iruteko makinak sortu zituzten, pedalez mugitutako bobinekin; bi mende beranduago kopiatu zizkieten italiarrek.

Haiek asmatu zituzten lema, gorua, akupuntura, portzelana, futbola, kartak, linterna magikoa, piroteknia, kometa, txanpon-papera, erloju mekanikoa, sismografoa, laka, pintura fosforeszentea, arrantzarako txirrikak, zubi esekia, orga, aterkia, abanikoa, estribua, ferra, giltza, hortz-eskuila eta beste txikikeria batzuk.

 

Eduardo Galeano, Espejos.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide