Furgoneta horia

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2019ko abe. 20a, 17:58

Geltokian zain geundela, Maria eta Xara Madrildik zekartzan trena ordubeteko atzerapenez iritsi zen Zumarragara. Azkoitira ekarriko gintuen autobusa galduta, hurrengoaren zain ordu eta erdiz egoteko eta taxi bat hartzeko aukeren artean, autostop egitea erabaki genuen. Laster ilunduko zuen, baina behatz lodia luzatu orduko  furgoneta hori bat geldi zitzaigun aurrean: nora zoazte?

Bikote bat zen, lau bat hilabetera hirukote bihurtuko zena, eta amultsu gonbidatu gintuzten furgoneta barruan atondutako egongelan esertzera. Inoiz baino laburragoa iruditu zitzaidan bidaia. Bikotea bera furgoneta hippy polita baino maitagarriagoa zen. Bizitzaz hitz egin genuen, munduaz, stopean jende gutxi ibiltzeaz eta hain harrigarria zen kontu batez: etxeko baten baserritik itzultzean Zumarragako bikote batek hiru ezezagun hartu, eta zihoazen lekuraino eramatea erabakitzea, horrexegatik bakarrik, bizirik gaudelako.

Hitz eta pitz, izenak aipatzeko ere astirik ez genuen baliatu. Gizon gaztea musikaria zen, CD bat ekoizten ari zen. Onbidean, furgoneta horian dagoeneko sehaska bat egongo da, eta hara orain arte kronika maitagarri hau ez kontatu izanaren arrazoia: inork ez sinesteko beldur ginen.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide