Eskola-jazarpena: bullying

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2019ko ots. 11a, 12:37

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek 'Amamaren Kutxa'-n egindako ekarpen berria: 'Eskola-jazarpena: bullyng'. Irakurri jarraian:

Eskolako umerik handiena da: zuria, zabala gorputzez, estua garunez. Ezin ditu beste umeak jasan, batez ere mestizoak, beltzak edo horiak; ezin ditu besteak jasan. Ez ditu neskak onartzen, zuriak badira ere ez, bera baino gutxiago eta ergelagotzat ditu eta.

Eskolan bi mende baino gehiago daramatzan arren, ez du ezer ikasi eskolaldi luze horretan. Eskolako zirti-zartaria da. Harroputza, ez du inori azalpenak eman beharrik. Hara-hona dabil gelaz gela, korridorez korridore, ateraldiak algaraka txalotzen dizkioten kankailuekin, hamaiketakoak eta askariak lapurtuz, karterak ostuz eta abusuei aurre egiten dietenak kolpatuz.

Eskolako Zuzendaritzak eta Gurasoen Elkarteak ohar bat argitaratu dute egunotan, eta aitortu egin dute mutiko zuri zabal estuak gehiegikeriak egiten dituela. Hala, kolpeak eta ostikoak ematen jarraitzera animatu dute, ospatzeko arrazoi iruditzen zaie hark gehiegikeria egiten jarraitzea. Txalo egiten dizkiote abusuak, errespetuaren, tolerantziaren eta biolentziarik ezaren aldeko jendea izanik, abusu horiek behar bezain neurrikoak izan bitartean; hori bai, lehenbailehen bukatzea nahi dutela ere adierazi dute.  

 

Koldo Campos Sagaseta 
Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide