Irriaren magia

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2018ko abu. 2a, 08:42

Pirritx eta Porrotx, besterik gabe, gure seme-alabei barre eginarazten dieten pailazo bikainak izango balira, horrekin bakarrik zor galanta izango genuke Aiora Zulaika eta Joxe Mari Agirretxerekin.

 

Baina, esker onekoak izatekotan, ez da nahikoa haien lana era miresgarrian gauzatzen dutela aitortzea, gure umeei eta guri irria eragin eta biderkatuz. Horrez gain, aurkezpen bakoitzean jendea gonbidatuz hasten den festa, gozarazten digun irribarrea ez da mugatzen emankizunarekin batera hasi eta bukatzen den alaitasunera; irria ez da besaulkian gelditzen, ez da azken txaloarekin itzaltzen, ez eta kalera irtendakoan zapuzten ere.

Etxera itzultzean, irribarre kuttuna gurekin batera bizi da, etxeko bat gehiago bihurtzen da, anitza eta solidarioa. Afrika, Karibe eta mundu guztiko kolore nahiz azentuz tindatutako irribarrea da, aldi berean Euskal Herria aldarrikatzeko, bertako hizkuntzaren eta kulturaren atseginean. Pirritxek, Porrotxek, Mari Mototsek eta lankide guztiek euren lanean eskaintzen diguten irribarre horrek ez du preziorik. Izan ere, ospa ditzakegun festa guztien artean, irriaren festa da denetan eder eta beharrezkoena: dibertitzeaz gain, baloreak txertatzen dizkigu, bizipoza kutsatzen digu, pertsona bezala hazten laguntzen digu. Eta barre egin dezakeen herriak etorkizuna du.

Nahikoa da emanaldietan agurtu aurretik Pirritxek eta Porrotxek esaten diguten formula magiko aproposa aplikatzea: “sentitu, pentsatu eta egin”.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide