Maitagarri urdina

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2018ko mai. 29a, 12:48

Esnatu zen orduko, Pinotxok jauzi egin zuen ohetik biluzik, eta, oinetakorik batere jantzi gabe, urduri presatu zen komunera lasterka bizian; lehenbailehen egiaztatu nahi zuen esandako gezurren ondorioak zenbaterainokoak izan ziren.

 

Bizia eman zion ipuineko Maitagarri Urdinak egiari bizkarra emateak zekarren arriskua zenbaterainokoa zen adierazi zion, eta, orain, ispiluaren aurrean, frogatu ahal izan zuen sudurra ez zitzaiola uste zuen bezala hazi, eta bere belarriek ez zutela asto-belarrien antzik.

Hala, pozik eseri zen mahaian gosaltzera, telebistaren aurrean, mundua nola esnatu zen jakinarazten zioten bitartean. Horrela jakin zuen alkatea herritarren ongizateak kezkatzen zuela, presidentea eta haren gobernua arduratuta zebiltzala jendearen bizi-baldintzak hobetzeko, enpresariak eginahal bizian ari zirela lan finko duina sortzeko, bankariak amorratzen zeudela euren irabaziak banatzeko, justizia jakinduriaz banatu nahiak bizi zituela epaileak, hedabide handiak egia jakinarazten saiatzen zirela, Eliza lorik egin gabe zebilela jendeari eguneroko ogia eman ahal izateko… Hartan, bat-batean konturatu zen Pinotxo morala, arrazoia edo egia hainbeste defendatzen zebiltzan haien artean inori ez zitzaiola sudurrik luzatu edo ez zitzaizkiola asto-belarri nabarmenak irten…

Inori ez, Maitagarri Urdinari izan ezik.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide