Globalizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2018ko mai. 22a, 15:12

Garaiz hasi zen gorriaren jario odolezkoa. Bor-bor lehorrean suizidatu zituen bere distirak, tantarik tanta, pintzelkadaz pintzelkada. Orduan, gainerako koloreak jota gelditu ziren, ezin izan baitzuten zoritxar koloregabetu hura ekidin.

 

Gorria hondatzen ikusirik, berdeak urrutieneko itzala aukeratu zuen, arrenkura guztietatik babesean, itxaropena herio-zauritan, eta goitik behera bota zuen bere burua.

Kolore guztiei deia luzatu zien halabeharraren aurrean, horia ez zen sorgor gelditu isuri berdea eta odol-huste gorria ikusita, eta bere distirak jariatu zituen geldian, berezko argitasunaren errua berdindu zuen arte.

Laranja ere ez zen gain beheratik salbatu: nostalgiaz gaixo, dirdira apaldu zuen, erliebeak itzali, eta ahanzturaren besoetan amildu zen.

Hainbesteko tristura begi-ninietan bilduta, urdinak ezin izan zuen bere identitate-eskubidea gorde; harrituta bezain nahigabetuta, ñabardurak eta tonuak giltzapetu zituen betiko.

Hartan, negar malkoak isuri zituen moreak: malko gorriak, odola estaltzeko, malko berdeak, historia gogora ekartzeko, malko horiak, gaua arindu zezaten eta malko laranjak eguna iragartzeko, bihozminak eta aieneak dena urdinez tindatu bitartean. Ondoren, txoriak eta loreak agurturik, izaera ubel berezkoa isiltasunean urtu zuen.

Bakar-bakarrik, etsipenak abailduta, bila hasi zen anila, Ostadar izaten jarraitzeko bestelako moduak aurkitu nahian. Hainbeste euri bustitan eta eguzki galdatan kide izandako lagunen miraz, ahitzen joan zen ezarian-ezarian, eta, azkenik, desagertu.

Eta bai, halaxe globalizatu zen Ostadarra.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide