Haizea eta pintza

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2018ko mai. 15a, 09:35

Goiz hartan, Haizearen ama gu otarretik ateratzen hasi zenean, mugitu gabe gelditu nintzen nire txandaren zain; orduan ez nekien minutu gutxi barru zenbateraino aldatuko zitzaidan bizitza.

 

Binan-binan ateratzen gintuen, plastikozkoak eta zurezkoak nahasian, eguzkitan esekirik zaildutakoak batzuk, iritsi berriak beste batzuk. Nire kide izango zena plastikozkoa zen. Kexaka ari zen pisu handiegiko arropari eutsi beharra ziolako, haren jatorri eta abizenei ez omen zegokielako halakorik, atzerriko bere lantegiko plastiko modernoaren leinuaz mintzo, lantegi-jabea bera izango balitz bezala, eta ez pintza arrunt bat.

Ni, aldiz, zurezkoa nintzen, eta ia hiru urte neramatzan lanean. Beraz, zentzunez eta eskarmentuz jantzitako pintza nintzen, distira gutxiago izan arren. Urak eta, batik bat, lixibak jan zizkidaten koloreak, bai eta, aitortu beharra daukat, indarra ere. Nolanahi, gai nintzen galtza, soineko, izara eta abarri eusteko… bihurritu gabeko berokiei ere bai!

Pintza nintzenez, niri zegozkidan lanetan aritzea nuen eginkizun bakarra, besterik ezean. Hala diot, noizbait amets egin nuelako jolasean, balkoian dantzan hasi nintzela haizeak soka astintzeko zain egon gabe, esekigailuan kantua pausatzen zuen txoria nintzela eta pintza-laino batean zeruraino iritsi, familia hartako kide izatearen zorionean.

Hala ere, pintza baten eginbeharra arropari eustea da. Horregatik eta horretarako gaude mundu honetan, gero eta gutxiago estimatzen gaituen gizarte honetan. Eta ez da negar-malkotan ibiltzekoa. Gabezian ohituta gaude, ez baitugu ezta bakoitzaren izenik ere. Abizena bai, argi gera dadin badirela pintza hidraulikoak, depilaziokoak, sukaldekoak, kirurgikoak… Sailkapen horretako azkeneko mailan gaude, hain zuzen, beste guztiei izena eskaini diegun arropa-pintzak.

Inork ez digu garrantzirik ematen, ez baitauka gu geure historiarik ere. Inoiz izan al da pintzen prezioa jaistearen aldeko manifestaziorik edo haien prezioa igotzeko ministro-kontseilurik? Irina, artoa, tomatea, esnea eta beste askoren prezioa jaisteko eskatzen da, baina ez pintzena.

Pintzak hortxe gaude, ordu oro, gau eta egun, izan abuztua edo urtarrila. Ezin dugu besterik izan, erosi eta saltzen diren salgaiak gara, eraman eta ekarri egiten dena, jarri eta kendu. Hala, nola ez genuen ba nahiko bizitzaren barre zoroa izatea?

Pintzak ez gara eztabaidetan ibili ez estatuekin, ez eta beste agintaritzekin ere, guk ez baitugu ez bekaturik ez bertuterik eragiten; guztien lotsariei eusten diegu guk, horixe soilik. Horregatik, ez dugu desiorik pizten, eta ez gara hedabide handietan azaltzen. Guregatik ezin esan liteke gaixotasun larririk zabaltzen dugunik, edo jasaten ari garen ingurumen-hondamendiagu leiho eta balkoietan izateagatik sortu denik. Gutaz ez da egin ezta ipuin bakar bat ere.

Hala eta guztiz ere, niretzat okerrena ondoko soka-kidearen hitz-jario geldiezina zen. Haren iritziz, etorkizun zoriontsua zegokien haren moduko pintzei, haiek baitziren finenak, dotoreenak, modernoenak, plastikozko pintza… jasanezinak. Hori zela eta, benetan eskertu nuen Haizearen amaren eskuak gure bila etortzea, nire lankidearen hitz-etorri aspergarria etenez. Nolanahi, nire harridurarako, esku maitagarri haiek, ni aztertu ondoren, malgukia egokitu, nire bi aldeak parekatzen saiatu, eta zehaztasunez ni neurtu ostean, begira geratu zitzaizkidan, nonbait ordurako hartua zuten erabakiaz hobeto pentsatu beharra izango balute bezala, eta, azkenean, otarrera itzuli ninduten berriro.

Ezin nuen sinetsi. Egia da, bai, egun goibel batean kalera erori nintzenetik nire bi aldeak desorekatuta gelditu zitzaizkidala betiko, eta malgukia sarritan okertzen zitzaidala, baina, baldintza horiekin, nire lana zuzen egiten jarraitu nuen beti. Eta ordura arte eginkizuna ongi bete baldin banuen, zergatik bota ninduten lanetik?

Han geratu nintzen, otarre-zokoan, bakarrik, bizitza aldatu zitzaidala gogo txarrean konturatuta, garaiz lehen eman zidatela erretiroa, eta, harrez gero, zereginik gabe, pintza arrunta izate hutsa bizimodu zoragarria irudituko zitzaidala.

Bat-batean, ordea, zerbait gertatu zen. Haizearen amaren eskuak otarrera itzuli ziren, nirekiko esker txarraz damututa agidanez, erretiroa baino zerbait hobea eskaini nahi balidate bezala. Hala, pauso batzuen ostean, etxeko ninia Haizearen sehaskara eraman ninduten.

Orduz geroztik, ez naiz esekigailura itzuli, ez naiz gehiago balkoitik erori, eta ez dut jasan beharrik izan lankide plastikozkoen lerde-jario ergelik.

Sehaskan bizi naiz, Haizearekin, ohe gainekoaren tolestura leunen artean. Aldian behin aurkitu egiten nau, behatz artean ibiltzen eta ahoan sartzen. Orduan, noizbait amestu nuen laino bihurtzen naiz, haize-txintxirrin, zurezko txori, familiako kide bat gehiago ia. Gozatu egiten dut, eta haren barre eroa gorde, badaezpada, gau batean berriz bakarrik gelditzen banaiz ere.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide