Azaroaren 25a

AEKn ez da inolako erasorik onartzen

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2021ko aza. 25a, 12:15

Azkoitiko AEK euskaltegiak honako idatzia kaleratu du Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan:

Emakumeon* aurkako biolentziak baditu mila aurpegi, hamaika forma. Leku eta espazio guztietan dago presente.

Gainera, etengabe, indarkeria horren ardura eta errua emakumeon gain jarri gura izan dituzte: mozkortzeagatik, gauez kalean bakarrik ibiltzeagatik, gure emozioak erakusteagatik, lanean kasu egin diezaieten exijitzeagatik, haserretzeagatik, ustez probokatzeagatik... Emakumeon* gorputzak emakumeonak dira, beti!: parrandan, etxerako bidean, ohean, lantokian, etxean, kirola egiten, kalean edota bileretan, edonon! Hortaz, nori egotzi behar zaio biolentzia horren gaineko ardura osoa? Bestela esanda: nork hartu behar du erantzukizuna bere gain, erasotuak ala erasotzaileak?

Bada ordua gizonek beren ardura onartzeko, erasotzaileek beren ardura har dezaten! Erasotzaileak eta haiek babesten dituztenak dira arduradun bakarrak.

Beraz, dagokigun lekutik, eskatzen dizuegu sexismoaren aurkako jarrera irmoa har dezazuen. Erasotzaileen lagunak izanik ere, ez zaitezte izan sekula konplize; are gehiago: har iezaiezue kargu, dudarik gabe. Gizonok, erasoak soilik besteen kontuak balira bezala ikusi ez ezik, zeuen jarrerak aztertu eta eguneroko gertaerez hausnartu ere egin behar duzue.

Nahiz eta eraso sexisten aurrean beldurra erraietaraino sartu, argi utzi nahi dugu ez dugula gehiagorik onartuko. Egoera izugarria izanik ere, ahaldundu gaitezen eta joka dezagun irmo: zaindu dezagun elkar.

Ez dugu eraso bakar bat ere gehiago onartuko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide