Azkoitiko Mintzalagun programan izena emateko epea, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
Joan den ikasturte amaierako ekitaldiko irudia.

Azkoitiko Mintzalagun programaren 11. edizioa martxan da, eta ireki dute izena emateko epea.

Azkoitiko Mintzalagun programan izena emateko epea zabaldu dute eta kanpainako leloak dioen moduan: Euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko aparteko aukera da. Aurtengoa 11. edizioa izango da, eta egoera inoizko arraroena den arren, porposamenez beteta eta gogotsu hasi dira.

Mintzalagun taldeak astean ordubetez batzen dira mintzapraktika egiteko, eta parte hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute.

Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, mintzalagun taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko dira. Horren haritik, eta aurrez aurreko eskaintzaren osagarri moduan, martxoan abiatu zen eskaintzari jarraipena emango zaio. Esaterako, urriaren amaieran mintzapraktika online taldeetan parte hartzeko aukera egongo da.

Izen-ematea eta informazioa

Aurrez aurre, Azkoitiko AEK euskaltegiak Kultur Etxeko laugarren solairuan duen bulegoan, 607 612 697 telefonora deituta edota azkoitia@aek.eus helbidera idatzita. Baita udaletxeko euskara zerbitzuan ere, 943-85 71 75 telefonora deituta edota euskara@azkoitia.eus helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide