'Katu' liburuari buruzko literatura-tertulia

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2020ko urt. 10a, 10:45

Iñigo Dierezen 'Katu' liburua irakurri berri dugu eta ikasleek kritika egin dute.

Genero beltzeko eleberri hau erraz irakurtzen den hauetakoa da. Jorratzen dituen gaiak egunerokoak dira: adiskidetasuna, amodioa, arazo pertsonal eta familiartekoak eta, batez ere, gaur egun pil-pilean dagoen zoritxarreko gaia, bullyinga. Gai zaila eta, aldi berean, erakargarria. Gai hauek asko ez sakondu arren, asko baitira eleberri honetan agertzen direnak, oso egoki azaltzen dira.

Liburua irakurtzen ari garen heinean, bukaera nolakoa den jakin-nahia handitzen joaten da eta hau iristen denean, bat-batean, ezusteko galanta jasotzen da. Kronologikoki kontatua egoteak asko errazten du bere irakurketa.

Egileak erabiltzen dituen hitzak nahiko arruntak izan arren, hitz berriak ezagutzeko aukera ere ematen du. Beraz, liburu egokia irakurle gazte eta hauen gurasoentzat jorratzen dituen gaiengatik eta egokia, aldi berean, euskara ikasten ari garenontzako ere, erabiltzen duen euskara xume eta zuzenagatik.

Honi guztiari buruz hitz egiteko eta gehiago sakontzeko, urtarrilaren 14an, 18:30ean, Elkarguneko Oteiza aretoan egingo den literatura-saiora gonbidatzen zaituztegu. Han ikusiko dugu elkar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide