Zu hemen zaude, AEK ere bai

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2019ko ira. 27a, 11:01

2019-2020 ikasturteari ekitear da Azkoitiko AEK, eta beste urte batez, maila desberdinetako hainbat ikastaro eskainiko du herrian. Euskara "praktikoa bihurtzea" da AEKren helburua. Bestalde, Mintzalagun egitasmoa ere martxan da dagoeneko.

Azkoitiko AEK-k hastear du 2019-2020 ikasturtea. Euskara praktikoa bihurtzea da helburua eta nahia. Bakoitzak bere mailan euskara erabili eta gozatu dezan, hain justu ere: etxean, umeekin, irakurketa, musika, lagunartean, lanean...

Bertan, zure beharrei erantzuteko era askotako ikastaroak aurkituko dituzu:

AISA: Espainiako estatutik kanpo etorritako kolektiboari zuzendutako ikastaroa. Astean hiru egun, bi orduko saioak. Matrikula hiru zatitan izaten da: urria-abendua/ urtarrila-martxoa / apirila-ekaina. Bloke bakoitzak 19 €-ko kostua du. Bi talde sortuko dira: goizez, 9:30etatik 11:30etara, eta arratsaldez, 15:00etatik 17:00etara izango da.

A1: Lau egun astean, bi orduko saioak. Arratsaldez, 15:00etatik 17:00etara izango da.

A2: Hiru egun astean, bi orduko saioak. Arratsaldez, 15:00etatik 17:00etara izango da.

B1: Hiru egun astean, bi orduko saioak. Arratsaldez, 15:00etatik 17:00etara izango da.

B2: Lau egun astean, bi orduko saioak. Goizez, 10:00etatik 12:00etara izango da.

Alfabetatzea: Hiru egun astean, bi orduko saioak. Goizez, 10:00etatik 12:00etara izango da.

C1: Lau egun astean, bi orduko saioak.

Gogoratu Azkoitiko udalak diruz laguntzen duela euskara ikastea : matrikularen %75 jasoko duzu.

Horrez gain MINTZALAGUN ere barne hartzen du Azkoitiko AEK-K. 2010ean hasi zen egitasmoa martxan eta momentu honetan 40 lagun biltzen ditu egitasmoak bere baitan, 11 taldetan banatuta. Hauek astean behin ordubete elkartzen dira gutxienez, kafetxo bat hartu edota kale buelta bat egiteko. Izan ere, horixe da egitasmoak eskatzen duen konpromisoa: astean behin gutxienez euskaraz mintzatzeko ordubete elkartzea. MINTZALAGUNen helburua  euskaldun sarea zabaltzea da eta euskaraz edonon edo edozertarako gaitasuna lortzea. Horretarako 4-5 laguneko taldeak osatu eta konfiantzazko giroa izaten da, lasai hitz egin ahal izateko.

Eskaintza zabal honek zure beharrei erantzuten badie, informazio gehiago izateko: deitu 607 61 26 97 telefonora, idatzi azkoitia@aek.eus helbidera edota etorri Kultur Etxeko 4. solairura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide